Zientzialari izarrak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

2010eko Nobel saridunak zein izango ziren jakinarazi baino astebete lehenago, hamar Nobel saridun bildu ziren Donostian, DIPCren hamargarren urteurrenaren ospakizun-ekitaldi nagusian. Ikusmin ikaragarria piztu zuten, eta, bost egunez, lepo bete zen, egunero, Kursaal-en kubo txikia. Izarren pare etorri ziren, izarren pare ibili ziren, eta izarrek duten magnetismoak erakarrita bete zituzten aretoak egunero.

Izar diot, zientzialari izarren beharra aldarrikatu nahi dudalako lerro hauetan. Izan ere, “izartasuna” ez da zientzialarien artean bereziki estimatzen den ezaugarri bat, gizartearen aurrean protagonismo handiegia izateak susmagarri bihurtuko balitu bezala. Alabaina, zientziak ere ezinbestekoak ditu izarrak. Ukaezina baita izarrek —kasu honetan, Nobel saridunek— zientziari eta zientziaren komunikazioari ematen dioten nabarmentasuna. Gainera, zientzialari ospetsuen zerrendak izen bakarra duen Euskal Herri honetan, ez genuke izan behar gehiegikeriatan erortzeko beldurrik.

Kursaal Jauregia gainezka ikustea festa handi bat izan zen zientziaren dibulgazioarentzat, eta ikusleak Nobel saridunek erakarrita joan izana, aitzakiarik gabekoa. Hain zuzen ere, Nobel sariak iragartzeko bezperatan ginenez gero, eta Nobel saridunekin hitz egiteko aukera izango genuenez, sariak ikerketatan duen eraginaz galdetu nahi izan genien. Jakin saritutako arloa bultzatzen ote duen, edo, aldiz, beranduegi izaten ote den ordurako, aurkikuntza egin eta hainbat urtera jasotzen direnez gero maiz Nobelak. Guk egiten dugun honetarako, ordea, berdin dio noiz iristen zaien Nobela, kasu guztietan zientziaren enbaxadore bihurtzen direlako Nobel saridunak, zientziaren komunikazioren izar. Eta hori gauza ona da, izar bihurtzeagatik ezsusmagarri bezain ez-perfektu izaten segituko duten arren.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.