Elhuyarrentzat metal berezia da wolframa. Hain zuzen ere, hura lehen aldiz isolatu zuten bi anaien omenez deitu zioten Elhuyar zientzia eta euskara uztartzeko asmoz 1972an jaio zen kultura-elkarteari, baita elkarteak sortutako aldizkariari ere.
Juan Jose eta Fausto ziren anaia haiek, eta 1783an lortu zuten metal preziatua isolatzea, Euskalerriaren Adiskideen Elkartean, Bergaran. Izena ere haiek eman zioten: wolfram deitu zioten, otsoaren lerdea alemanez, eta hortik datorkio taula periodikoan duen ikurra: W. Nazioartean, beste izen batez ezagutzen da, hala ere: tungsteno, harri astuna suedieraz.
Azken izen horrek ondo azaltzen du nolakoa de wolframa, metal oso gogorra baita, xaflakorra eta moldakorra, eta fusio-punturik handiena du (3.410 °C). Hala, bonbillen barruko haria egiteko eta erresistentzia elektrikoetan erabili izan da, baita industria militarrean ere, hala nola munizioa egiteko, eta egituretan eta estalkietan (tankeak, ontzi blindatuak…). Naziek, esaterako, gerrako makinarian erabiltzen zuten, India, Txina eta Birmaniatik inportatuta. Aliatuek horren berri izan zutenean, inportazio-bide hori oztopatu zuten, eta Hitlerren gobernuak Europako hegoaldera jo zuen, hornidura bila; Espainiara, hain justu. Francok saldu zion Hitlerri gerrarako behar zuen wolframa.
Azken hamarkadetan, Europan erabili den wolframaren gehiena Txinatik ekarri izan da. Orain, ordea, Europako Batasunak material kritikoen autohornikuntza indartzea erabaki du, baita gerrako industria bultzatzea ere. Horrenbestez, interes berezia hartu du “iberiar gerrikoak”, han baitaude Europako Batasuneko meategi aberatsenak: hasi Galiziatik eta Andaluziaren iparraldera arte, Portugaleko ipar eta erdialdeko lurraldeak barne. Tartean dago, adibidez, La Parrilla meategia (Cáceres).
Meategi hori 2003an itxi zuten, arazo legal, ekonomiko eta laboral larriengatik, eta ingurumenean kalte nabarmenak eragin zituela ere salatu zuten talde ekologistek. Dirudienez, arazo horien gainetik egingo du orain Europako Batasunak, autohornikuntzaren izenean.
Elhuyarrek garatutako teknologia