Paradoxak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Goi-mailako ikerketa zientifikoa egiteko zentroak sortu eta eraikitzeko politika garbia izan du Eusko Jaurlaritzak azkeneko urteotan. CICak (Ikerketa kooperatiboko zentroak) izan ziren lehenengo, eta BERCak (Basque Excellence Research Centres) iritsi ziren geroago, unibertsitate eta ikerketa-zentroen sarea osatzera. Ahalegin ekonomikoa ez da nolanahikoa izan. Zazpina CIC eta BERC existitzen dira gaur egun; baina, egin hamar urte atzera, eta orubeak ziren gune horietako gehienak.

Hain zuzen ere, orube ohi horietako bitan ari dira lanean zenbaki honetarako mahai baten inguruan bildu ditugun hiru ikertzailetatik bi. Joan-etorriko bidea egindakoak biak ala biak. Izan ere, atzerrira irtetea zen ikertzaile-karrera egin nahi zuenaren halabeharreko patua, kasu gehienetan. Ikertzaile askoren bizitzaren historia da baldintza ekonomiko eta kontratuzko —hitz hori erabiltzerik badago— kaxkarretan tesia garatzea, nahi ala nahi ez doktorego ondoko egonaldia atzerrian egitea, eta, ondoren... auskalo.

Urtziri, Naiarari eta Felixi adituta, garbi ikusten da “nahiz eta” erakoa dela ikertzailearen ibilbidea oraindik ere. Nahiz eta prekarietatea, nahiz eta ezegonkortasuna, nahiz eta etorkizun lausoa... “Bokazioa dudalako, eta bestela asetzen nauelako”.

Noiz arte, ordea? Zalantzarik ez dago, bokaziozko lan-eremua da ikertzailearena; baina nahikoa “nahiz eta” dira berezko bidaide dituen ahalegina eta emana, inolako estraren beharrik gabe. Eta nahikoa garbi gelditu da hori, zientziarako ikasgelak husten joan baitira orubeak betez joan ahala. Une paradoxikoa bizi dugu orain. Ikerketarako inoiz baino azpiegitura gehiago dauden unean, harrobia falta dugu: ikerketara dedikatu nahi duen geroz eta gazte gutxiago dago unibertsitateetan. Faktore anitzeko ekuazio konplexua daukagu eskuartean, baina “eskerrak”-ekin aldatu beharreko “nahiz eta” batzuk garbi daude aspalditik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila