Mikrodibertsitate erraldoia

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Mikroskopioa hartuta gerturatu gara aurten Ingurumenaren Mundu Egunera, eta Biodibertsitatearen Nazioarteko urtera, eskalan behera eta behera eginez, mundu ikusezin ikusgarri bateraino. Izan ere, Lurrean den bizidun-multzo zaharrena eta dibertsoena osatzen dute mikroorganismoek, eta bazter guztietan bizi dira: hasi aldizkari honi heltzen dioten hatz-puntetatik, eta itsas hondoko tximinietaraino. Irudikatu toki bat munduan, eta hantxe aurkituko dituzu. Ehunka. Milioika. Mila milioika.

Hain zuzen ere, mikroen mundutik begiratuta, nekez esan liteke biodibertsitatea arriskuan dagoenik. Bakterioei bakarrik erreparatu, eta estimazioa da hamarka milioi espezie existi daitezkeela, edo mila milioi beharbada; ez baitakigu zehazki. Miatu ditugun ekosistema guztietan aurkitu ditugu gaurdaino, eta pentsatu baino askoz ere gehiago beti, baina zenbat izan daitezkeen irudikatzen hasi besterik ez dugu egin. Ezezagun handiak dira, izan ere, mikroorganismoak guretzat; sonatuago etsaien zerrenda kutunen lehen postuetan jartzen ditugulako maiz, lagun eta ezinbesteko ditugulako baino. Bizia kenduko baitigute batzuetan, baina bizia ematen digute egunero.

Mundu erraldoia osatzen dute mikroorganismoek, bai dibertsitateari dagokionez, bai ekosistemetan betetzen dituzten funtzioei dagokienez, bai eta deskubritzeko dagoenari dagokionez ere. Gizakiok duela istant bat jabetu gara gure artean zirela, hirurehun eta berrogeita hamar urte laster, eta oraintxe asmatu ditugu haien unibertsoa ikusmenean (xehe) hartzeko erremintak. Mikroorganismoak —ahal zirenak— hazkuntza-plaketan ia banaka haztetik, itsasoko mikrobio guztien errolda egiteko aukera ematen diguten teknikak maneiatzera igaro gara azken hogei urteetan, eta usteak gainditu dituzte aurkitutakoek. Ez dute alferrik egin hiru mila milioi urteko bidea Lur gainean, sortuz, haziz eta ugalduz.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.