Gezurrezko segurtasuna

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

“Izan duten arrakastaren biktima bihur daitezke txertoak”, esaten zuen Nature aldizkariaren maiatzaren 26ko editorialak. Elgorriaren agerraldi kezkagarriaren karietara idatzitako testua zen hura. Izan ere, 300.000 elgorri-kasu detektatu ziren 2010ean Europan. Azken hamarkadako kasuen batezbestekoa halako bost. Euskal Herrira ere iritsi da elgorria: 2011ko ekainera bitartean, 26 elgorri-kasu zenbatu zituen Osakidetzak EAEn. Aurreko 10 urteetan baino 26 kasu gehiago, hain zuzen. Izan ere, markagailua zeroan zegoen 2000. urtean elgorria erauzteko plan berezia martxan jarri zenetik. Txertaketa zen plan horren ardatza, munduan elgorria gainditzeko ezarri ziren beste plan guztiena bezala. 1980ko hamarkadatik aurrera hasi ziren elgorriaren txertoa sistematikoki eman eta zabaltzen osasun-sistemak, eta hamar aldiz murriztu da orduz gero urtean elgorriak jota hildakoen kopurua: bi milioi eta erdi izatetik berrehun mila izatera.

Datu horren atzean arrakastarik ikusten ez duena ez dago ikusteko prest. Higienea, antibiotikoak eta txertoak agertzen dira beti zerrendako lehen postuetan, gizakion biziraupena areagotu duten osasun-arloko ekarpen handienez galdegiten denean. Hala izan baitira. Baina txertaketei esker hain denez txikia gaitz askoren intzidentzia—gurea bezalako herrialde aberatsetan batik bat—, ahaztu egin zaigu larriak eta hilgarriak direla. Inguruan ez dauzkagu gaixotasunak, txertoak dauzkagu inguruan, eta txertoek izan ditzaketen albo-ondorioek hartu dute protagonismoa. Eta izan ditzakete albo-ondorioak, bai; arruntak batzuek, bakanak eta arriskutsuak beste batzuek. Baina horrek ezin digu errealitatea desitxuratu.

Pribilegioa da gaitzen ondorioez arduratu beharrean txertoen albo-ondorio bakanez kezkatzeko aukera duen gizartean bizitzea. Pribilegiatu izateak ez du esan nahi, jakina, hobetzeari uko egin behar diogunik, baina garbi izan behar dugu txertoen alde eginda bakarrik areagotuko dela egiazko segurtasuna: txertoena berena, eta gaixotasunetatik salbu segitzekoa. Elgorri-agerraldiak ezin garbiago erakutsi digu zer zaurgarri bihur gaitzakeen txertakei uko egiteak. Balio beza jokatzen ari garenaren oroitzapen-dosi gisa.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.