Fosil plastikoak

Martin Etxauri Sainz de Murieta artistak zenbait galdera proposatzen dizkio gizarteari Elhuyar aldizkariaren ekaineko zenbakian. Iazko CAF-Elhuyar sorkutza-bekaren emaitza da aldizkarian azalean ikusten den plastikozko enbor-azal bizia, Fossil Plastics-Alegiazko enborrak izenaz gogoetara eramaten gaituena: “Hartuko ote dute plastiko-sedimentuek inoiz harrien zeregina fosilen sorkuntzan, egurraren lekua betez eta plastikoz osatutako enborren fosilak bilakatuz? Edo guk geuk, kontraesanezko ariketa ergel batean, halako plastikozko enborrak sortuko al ditugu jada existitzen ez diren zuhaitzen azalak gogoratzeko?”.

Etxauriren hausnarketarako gonbitari jarraituz, gure gizarte ustez garatuaren kontraesan horien oinarrian dagoen industria baten erradiografia egin dugu: plastikoaren industria eta, oro har, industria kimikoa. Dituen sakoneko arazoak eskuetan hartuta, etorkizunera begira jarri gara, bere burua berrasmatu behar duen industria baita.

Harago jo dugu, gainera: nola gordeko dira gure gizarteak sortzen dituen hondakinik arriskutsuenak, nola kudeatu jakin ez eta ondorengoentzat uzten ditugun horiek? Hondakin nuklearrak, esaterako. Nola ohartaraziko diegu etorkizun urrutiko belaunaldiei utzi diegun ondare pozoitsuaz?

Amaitzeko, aurtengo CAF-Elhuyar sariketako irabazleen lanak ere argitaratu ditugu zenbaki honetan. Eta elkarrizketa egin diogu Elhuyar Merezimendu Saria jaso duen Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradunari. Genetikak sortzen dizkion kezka eta ametsen berri eman digu.

COVID-19aren itzalean sortutako zenbakia da hauxe, baina, aldi berean, SARS-Cov-2aren egunerokotasunetik atera nahi gaituena. Beraz, webgunean duzue birusaren eta osasun-larrialdiaren inguruan argitaratutako eduki guztia, egunez egun zuentzat sortu duguna. Hemen bestelakoak dituzue. Oraingoan, eta hemendik aurrera, plastiko biodegradagarrian bilduta, plastikoarekiko gure kontraesanak ere gainditu nahian.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila