Elikagai-krisiak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Elikagaiei lotutako arrisku-egoera baten aurrean nola jokatu galdeginda, ia denok bat etorriko ginateke bi eskakizun hauekin: informazio zuzena eta behar bestekoa eskaini, eta ez piztu alarmarik. Esperientziak, ordea, oso bestelako emaitza erakusten digu: zalantzazko informazio nahasia, erreakzio bortitzak eta izualdiak. Izan ere, gehiago edo gutxiago, krisi bihurtu ditugu elikagaiek sortutako arrisku-egoera guztiak.

Zenbaki honetan elikagai-krisiei eskainitako artikuluan esaten da komunikazio egokia dela kudeaketa on baten giltza. Eta, hala da, zalantzarik gabe. Esanguratsua da, ordea, eta ez onerako, Elikagaien Informaziorako Europako Kontseiluak oinarrizko lezio berak azpimarratzea orain E. coli bakterioa dela eta sortutako krisian, eta 2003an, akrilamidak zirela eta piztutakoan. Akats berberak errepikatzen ditugun seinale.

Izan ere, informaziora heltzeko eta informazioa hedatzeko tresna apartak ditugu eskura, bikainak; azkenean, ordea, ez dute askorako balio haietan barrena berdin-berdin zabaltzen badira datuak, susmoak, gaizkiulertuak, adierazpen arduragabeak, egiak eta gezurrak. Azkarragoa da dena orain, berehalakoa, eta ziztu bizian iristen dira kontraadierazpenak, bai eta zuzenketak ere, baina sakonagoa behar du izan aldaketak, beste zortzi urte barru ez badugu lezio berekin aritu nahi bueltaka.

Onartezina da ardura eta transmisio-postu guztietan erantzukizunez eta zentzuz ez jokatzea, eta giltza izango da arrisku-egoera baten aurrean komunikazio-ariketa bikaina egitea; baina, bizi garen abiaduran, ia ezinezkoa iruditzen zait krisia saihestea, ez bada informazioan bezainbeste eragiten formazioan. Elikagaien segurtasunari, arriskuei eta arriskuen prebentzioari buruzko ia dena arrotza baldin bazaigu alarma bat pizten den arte, izualdien mende segituko dugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila