DNA ez dena

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

"Pertsona bakoitzak genoma bakarra du, baina, epigenomak, 150 inguru. Zelula-mota bakoitzeko bat". Manel Estellerren hitzak dira, zenbaki honetan epigenetikaz prestatu dugun erreportajean parte hartu duen ikertzailearenak. Minbiziaren epigenetika ikertzen du Estellerrek, eta epigenetikaren arloak izan duen bilakaeraren adibidea da haren lana.

DNAren sekuentzia aldatu gabe, baina geneen espresioan eraginez, fenotipoan aldaerak agertzea eragiten duten mekanismoak biltzen ditu epigenetikak. Kontzeptua enbriologiari lotuta sortu zen 1930eko hamarkadan, Conrad Waddingtonen eskutik, geneen erregulazioak garapena nola modulatzen duen azaltzeko. Enbriologian, epigenetikak deskribatzen du zer egiten duen biokimikak zelula eta genoma bakarretik abiatuta hainbeste zelula-mota eta organismo oso bat sortzeko; pertsona bat eta haren 150 epigenomak gure kasuan.

Enbriologiara mugatuta ere txundigarria da epigenetikaren mundua, baina epigenetikaren eragina ez da jaiotzan amaitzen, eta hala ulertzen da gaur egun ere ikerketa-arlo hori: banakoaren bizi-ziklo osoan gertatzen diren geneen erregulazio-prozesuak biltzen ditu barnean, eta hedapen horren bidetik iritsi dira Estellerren ikerketa-lerroak eta horiek bezalakoak. Izan ere, zeluletan gertatzen diren aldaketa epigenetikoek gaixotasunak eragin ditzakete, adibidez, minbizia. Edo marka epigenetiko desberdinen ondorioz, minbizia izateko aldez aurretiko joera genetiko bera duten bi pertsonak bilakaera desberdina izan dezakete gaitzaren aurrean. Orain arte ez baitut esan, baina ingurunearen eraginpean aldatzea da epigenomaren ezaugarri nagusietako bat.

Hain justu ere, ingurunearekiko duen sentikortasunak dei zuzena egin dio gure irudimenari, eta genetikak ustez itxita zuen ate bat irekitzen ari da poliki-poliki. Inguruneak eta bizi-ohiturek ezaugarri epigenetikoetan eragin eta marka uzten badute, posible al da banako batean gertatutako aldaketa epigenetikoak ondorengoei transmititzea? Posible al da gure guraso edo aitona-amonen bizimoduaren aztarnak gure zeluletan gordeta izatea?

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila