Berrikuntza eta elkarreragina

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Badira boladan jarri eta esanahia galtzen duten hitzak. Arrisku hori dute berrikuntza eta elkarreragina hitzek, askoren ikur bihurtu baitira, horrekin zer esan nahi duten ondo azaldu gabe.

Edonola ere, Elhuyarrentzat esanahi garbia dute; hain zuzen ere, Elhuyarren aro berri bat hasi dugu, eta biak ere etorkizunari erantzuteko gako direla uste dugu, beste hitz batzuekin batera, hala nola aitzindaritza, eguneratzea eta egokitzea.

Hitz horiek Elhuyarrentzat zer esan nahi duten eta gure xedean zer garrantzia duten azaltzen du Elhuyarreko lehendakari berriak, Txema Pitarkek, zenbaki honetan argitaratu dugun elkarrizketan. Bide batez, nanoGUNEko zuzendari nagusia ere badenez, erakunde horretan dituen ardurei buruz ere galdetu diogu, eta, bereziki, egiten duen ikerketaz. Zaila da gauza horiez guztiez hitz egitea, berrikuntza hitza aipatu gabe.

Eta elkarreragin hitzak ere protagonismo handia du zenbaki honetan, CAF-Elhuyar sariketaren bi kategoriatako lan irabazleak argitaratu baititugu azken orrietan: dibulgazio-artikulu orokorra eta egilearen tesian oinarritutakoa. Sariketak, baina, beste bi kategoria ere baditu, eta haietako bat berria da: zientzia gizartean sorkuntza-beka.

Zientzia eta teknologiaren, eta gizartearen arteko elkarreragina landuko duten proiektuei laguntzeko asmoz sortu du beka Elhuyarrek, eta pozik gaude, deialdiak arrakasta izan duelako. Era askotako proiektuak aurkeztu dira: artistikoak, soziologikoak... Haietako asko, oso interesgarriak; beraz, epaimahaiarentzat ez da erraza izan erabakitzea zer proiekturi eman laguntza-beka.

Azkenean, Balio berriz balio proiektuak jaso du beka. Izan ere, proiektuak ondo betetzen ditu aurkeztutako lanak baloratzeko irizpide guztiak, bereziki zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza bilatzean, diziplinartekotasuna bultzatzean, interes sozialean eta erakargarritasunean.

Orain, beka jaso duen taldeak bederatzi hilabete ditu proiektua garatzeko. Beste zenbait hitz baztertu gabe, baietz berrikuntza eta elkarreragina gako izan haientzat ere! Izango dugu horren berri.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila