Polimeroak birziklatzearen mundu konplexua

Etxeberria, Agustin

EHUko kimikaria

polimeroak-birziklatzearen-mundu-konplexua
Arg. Kate Ter Haar

Birziklapenak aukera asko ematen dio hondakinen tratamenduari. Hala ere, asko aldatzen dira aukerak birziklatu behar den materialaren arabera. Polimeroen kasua (plastikoak, gomak, eta abar) konplexua da, batez ere, metalarekin, kristalarekin edo paperarekin konparatzen dugunean.

Produktu baten fabrikazioan, betidanik hartu izan dira sobratutako polimero-zatiak, txikitu eta berriro fabrikazio-katean sartu. Horri lehen mailako birziklapen deritzo. Baina hondakinen tratamenduari dagokionez, birziklapen mekanikoak --2. mailakoak-- garrantzi handiagoa du. Produktu bat egiteko erabili diren lehengaiak berreskuratzea da. Prozesu horrek energia- eta ur-aurrezkia dakar berekin, lehengai berria lortu beharrik ez dagoelako. Aurrezte hori oso nabarmena da aluminioaren eta beiraren kasuetan, baina polimeroekin ere gertatzen da.

Edozein lehengai birziklatzean, funtsezkoa da lehengai horrekin egindako produktuak ondo bereiztea, ahal den purutasun handiena lortzeko. Bestalde, lehengaiaren kalitatea haren bizitza-ziklo bakoitzean murrizten den edo ez ere kontuan izan behar da. Metalak eta beira behin eta berriro birzikla daitezke, ia-ia % 100ean; baina polimeroek kalitatea galtzen dute birziklatzen diren bakoitzean.

Gainera, polimero guztiak ez dira berdinak, eta denak ezin dira birziklatu. Oro har, bi mota daude: termoplastikoak, tenperaturaren eraginez bigundu egiten direnak; eta termoegonkorrak, saretuta daudenez bigundu ezin direnak (adibidez, kautxuak). Lehenengoak mekanikoki birzikla daitezke, tenperatura igoz, urtuz (edo bigunduz), forma berria emanez eta hozten utziz. Bigarren motako polimeroekin, ordea, ezin da horrelakorik egin, berotzen denean bigundu aurretik degradatu egiten direlako.

Berez, bi mota horiek oso talde zabalak dira --polimero asko daude--, baina gutxi batzuek bakarrik osatzen dute industriako produkzio totalaren portzentaje handi bat. Zaborraren edukiontzi horian, ontziak eta bilgarriak jasotzen diren horretan, adibide ezagunak daude: dentsitate baxuko polietilenoa (filmak, poltsak); dentsitate altuko polietilenoa (botilak); polipropilenoa (filmak, botilak), polietilentereftalatoa (edari-botilak) eta poliestirenoa (jogurtak). Polimero horiek guztiek bizi-ziklo laburra dute. Horrez gain, kontuan hartu behar da ontzi gehienak ez daudela polimero bakar batez eginda, baizik eta ontzi-zati bakoitzean polimero desberdin bat erabiltzen da; adibidez, edari-botilak polietilentereftalatoz (PET) eginak daude, eta tapoiak, polietilenoz.

Bi polimero nahasten direnean, ia beti nahaste heterogeneo bat osatzen dute. Nahastearen propietateak oso kaskarrak izaten dira, eta ez da erraza izaten birziklatzea. Gainera, polimero guztiak erreakzio kimikoak jasaten dituzte, eta, horren ondorioz, poliki-poliki degradatuz joaten dira, eta, horrekin batera, propietateak galtzen. Hori dela eta, birziklatzen diren polimeroak erabili gabekoarekin nahasten dira, paperarekin gertatzen den antzera.

Gaur egungo teknologiak ondo bereizten ditu polimero-nahasteak; jasotzen diren produktu gehienen osagaiek purutasun egokia izaten dute birziklatzeko. Baina legeriak onartzen ez duenez elikagaiekin kontaktuan egongo diren produktuetarako polimero birziklatuak erabiltzea, plastikoekin egindako beste produktu batzuk ekoizteko erabiltzen dituzte, eta, gaur egun, zeregin premiazkoena da balio erantsi handia duten produktuetan barneratzea (prozesu horretan, petrolioak prezio altua izatea lagungarria izango da). Adibidez, gero eta sarriago ikusten da arropetako etiketetan haiek egiteko polimero birziklatuak erabili direla, PET, adibidez.

Eta zer gertatzen da ontziak eta bilgarriak ez diren produktuetan erabiltzen diren plastikoekin? Hondakin horiek (jostailuak, etxeko tresneria...) noizbehinka bakarrik botatzen ditugu, eta horien eguneroko bolumena txikia da, nahiz eta unitate bakoitzekoa handia izan! Horregatik, bilketak eta bereizte-estrategiak beste antolaketa bat izan behar du. Produktu bat hondakin bihurtzen denean, produktu horren kudeaketaren ardura ekoizleak berak hartzea da aukerarik egokiena. Hala, hondakin horiei irtenbideren bat eman beharraren beharrez, produktuak diseinatzean kontuan hartuko ditu osagaien identifikazioa, eta haiek bereizteko eta birziklatzeko erraztasunak. Espero izatekoa da horrela jokatuta material birziklatuaren purutasuna edukiontzi horiarekin lortutakoa baino handiago izatea; baina oraindik gauza dezente hobetu behar dira estrategia berri honetan.

Termoegonkor eta nahaste heterogeneoentzat ere badaude beste hautabide batzuk. Kautxuak asfaltuei gehi dakizkieke, edo ume-parkeen zoruak egiteko erabili. Hala ere, nahaste horien propietate urriak direla eta, birziklapena balio baxukoa izaten da, downrecycling, eta, gainera, arazoak egon daitezke frakzio guzti horri irtenbide komertzialak aurkitzeko.

Horregatik, onartu beharra dago zati baten birziklapenak (ezin delako ondo bereizi, zikina edo degradatua dagoelako edo termoegonkorra delako) beti izan ditzakeela eragozpen gehiago abantailak baino.

Beste aukera batzuk daude kasu horientzat. Aukera bat da prozesu kimikoen bitartez polimeroak beste lehengai batzuetan transformatzea. Esate baterako, PET polimero berria sintetizatzeko behar diren substantzietan eralda daiteke. Hori da birziklapen kimikoa edo 3. mailakoa.

Plastikoen errekuntza-beroa erregaien parekoa denez, beste aukera bat da haien balioaren zati bat energia moduan berreskuratzea. Birziklapen energetikoa edo 4. mailakoa da.

Eta, azkenik, hondakinen kudeaketan konpostajearen aukera guztiz ezartzen bada, polimero biodegradagarriak erabiltzea oso aukera erakargarria da, hondakin organikoak plastikoekin nahasita sortzen diren kasuetarako. Horrek ezabaketa suposatzen du (aurreko bi kasuetan bezala), baina, aldi berean, konpostaren erabilerak edo salmentak onura ere badakar. Horri birziklapen biologiko deritzo.

Laburbilduz, plastikoen birziklapenak zenbait muga ditu, baina, beste lehengai batzuekin alderatuz, baita abagune gehiago ere: teknologiak gero eta bereizketa egokiagoa bermatzen duelako; eta beste sektore batzuetan jartzen ari diren kudeaketa-sistema berriak edo birziklapen mekanikoa egin ezin denean, beste alternatiba batzuk aplika daitezkeelako.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.