Klimari buruzko Cancúngo bilera: neurrizko arrakasta

Galarraga, Ibon

Markandya, Anil

Markandya, Anil

Basque Centre for Climate Change zentroko zuzendari zientifikoa

Gonzalez-Eguino, Mikel

Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko ikertzailea

Cancúnen lortutako akordioaren bidez --ia ahobatezkoa, Bolivia soilik agertu baita aurka--, egokitzeko eta baso-soiltzea murrizteko aurrerapauso garrantzitsuak egin dira, eta finantza-laguntzak prestatu dira garapen-bidean dauden herrialdeentzat. Gainera, ez zaio atea itxi 2011n Durbanen (Hegoafrika) egingo den hurrengo bileran emisioak murrizteko akordio lotesle bat lortzeari. Akordio horrek indartu egingo luke Kiotoko Protokoloa. Hori, gure ustez, neurrizko arrakastatzat har daiteke.

Klimari buruzko Cancúngo bilera: neurrizko arrakasta
2011/02/01 | Galarraga, Ibon; Gonzalez-Eguino, Mikel; Markandya, Anil | Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko ikertzailea; Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko ikertzailea; Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko zuzendari zientifikoa
(Argazkia: -)

Cancúngo bilera hasterako, ziur genekien ezingo zela akordio lotesle bat lortu, eta itxaropena nabarmen murriztu zen, Kopenhageko aurreko bileraren aldean. Baina, bileraren emaitza definitu behar izanez gero, esan daiteke neurrizko arrakasta izan duela, bileraren testuingurua kontuan izanik. Irakurleak jabetu behar du mugatuak direla bilera horietan lor daitezkeen akordioen eta aurrerapenen helmena; izan ere, ia berrehun eragile negoziatzaile (herrialde) baino gehiago izaten dira, eta eztabaidatzeko aurkezten diren testuak zorrotz zehazten eta eztabaidatzen dira, onarpen formala eman aurretik.

Akordioak

2010eko abenduaren 11n, bileraren azken minutuak ere baliatuz, Cancúnen zeuden ordezkariek (Boliviakoek izan ezik) erabaki-sorta bat onartu zuten, "Cancúngo akordioak" izenekoa. Akordio horietan, aurrerapauso batzuk egiten dira klimari buruzko negoziazioetarako giltzarriak diren arlo batzuetan. Jarraian, erabaki nagusien laburpena jaso da:

1. Erabaki da --lehen aldiz modu ofizialean Nazio Batuetan-- batez besteko tenperaturaren igoerak ez duela 2 ºC baino gehiago izan behar. Kopenhageko Akordioan (COP-15) akordio hori proposatu (edo "idatziz jaso") zen, baina Nazio Batuek ez zuten onartu.

2. Ofizialki onartzen dira herrialdeek Kopenhageko bileraren ostean emisioak murrizteko 2020rako zehaztutako planak. Borondatezko murrizketak proposatu dituzten herrialdeen artean (80 herrialde inguru), emisioen erantzule nagusiak daude; esaterako, Txina, Ameriketako Estatu Batuak, Europako Batasuna, India eta Brasil. Garapen-bidean dauden herrialde askok, Kiotoko Protokoloan emisioak kontrolatzeko konpromisorik ez dutenek, lehen aldiz hitzeman dute beren emisio eta beren ekonomietako energia-intentsitatea kontrolatzeko ahalegina egingo dutela. Hori urrats egokia da batez besteko tenperatura 2ºC baino gehiago ez igotzeko helburua lortzeko bidean, emisio gehienak herrialde horietatik etorriko baitira. Hala ere, egungo konpromisoekin ezin da 2ºC-ko helburu hori bete. Emisio globalak %11-16 murriztuko dira 2020an (1990eko emisioekin alderatuta), baina IPCCk dio %25-40 murriztu beharko liratekeela.

3. Herrialdeen emisioak monitorizatzeko eta egiaztatzeko mekanismoak adostu dira (ingeleseko MRV siglez ezaguna). Mekanismo horiek ezin izan ziren Kopenhagen onartu, herrialde batzuek ez baitzuten ikuskapenik nahi, baina errezelo horiek gainditu egin dira, hein batean, Cancúnen. Akordioaren arabera, herrialdeek aditu-talde independente bati aurkeztuko dizkiete isurien inbentarioak, eta, hitzarmenaren gomendioei jarraituz, emisioen murrizketak monitorizatu eta egiaztatuko dituzte.

4. Kiotoko Protokoloaren bigarren aldi baterako negoziazioek zabalik jarraitzen dute. Herrialde giltzarri batzuek dagoeneko adierazi dute ez dutela Kiotoko Protokoloaren bigarren fase batean parte hartuko Ameriketako Estatu Batuek parte hartzen ez badute; Japonia eta Errusia dira herrialde horietako batzuk, eta Australiak eta Kanadak atzetik jarraituko dietela uste da. Hala ere, erabaki hori Durbaneko (Hegoafrika) COP-17n hartuko da, 2011n.

5. 2010-2012 aldirako 30.000 milioi dolarreko transferentzia eta 2020ra arte urteko 100.000koa adostu dira, garapen-bidean dauden herrialdeei emisioak murrizten eta akordiora egokitzen laguntzeko. Kopenhageko bileratik, herrialdeek beren ekarpen-konpromisoak formalizatu dituzte, kopuru horietara iristeko. Kopuru horiek finantziazio publikoaren eta pribatuaren (karbono-merkatuak) konbinazio bat izango dira.

6. Klima berdearen funts bat ( Green Climate Fund ) abian jartzeko prozedura zehaztu da. Funts horrek (ez dago laugarren puntukoarekin lotuta) garapen-bidean dauden herrialdeen eta herrialde garatuen ordezkaritza orekatua izango du, eta, hasiera batean, Munduko Bankuak kudeatuko du.

7. Garapen garbiaren mekanismoen eta merkatuko beste mekanismo batzuen funtzioa indartu egin da. Alde horretatik, berrikuntza bat sartu da: karbono-kredituak lortu ahal izango dira, karbonoa harrapatu eta biltegiratzeko (CCS) proiektuen bidez.

8. Egokitzapenari buruzko lan-esparru bat onartu da, eta basoak babesteari eta teknologia transferitzeari buruzko xehetasunetan aurrera egin da. REDD+ ( Reduced Deforestation and Forest Degradation ) mekanismoaren bidez, herrialde garatuetako basoak kontserbatzen lagunduko dute, merkatuko mekanismoak barne hartzen dituzten mekanismoen bidez. Kontuan izan behar da garapen-bidean dauden herrialdeen isurien bi heren baso-soiltzetik eta basoen degradaziotik datozela. Bestalde, akordioak zuzendaritza-egitura bat ("Climate Technology Center and Network") zehaztu du, karbono gutxi erabiltzen duten teknologien eskaintza eta eskaera bateratzeko.

Balorazio orokorra

Herrialde garatu gehienak bizitzen ari diren ekonomia-krisi orokorra kontuan izanik, eta, batez ere Kopenhageko bileraren (COP 15) emaitza urriaren eta antolaketa eztabaidagarriaren ostean Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmena (UNFCCC) alantzan jarri zela kontuan hartuta, Cancúngo akordioa aurrerapauso garrantzitsutzat har daiteke.

Izan ere, aurrerapen garrantzitsuak lortu dira oso gai garrantzitsuetan, hala nola aurreko puntuan aipatutakoetan (bereziki garapen-bidean dauden herrialde askorentzat). Aurrerapauso horrek ateak irekita uzten ditu Durbango bileran emisioak murrizteko helburu lotesleak eta asmo handikoak lortzeko. Ordura arteko bidea luzea da, eta egungo lehendakaritzak (Mexiko) nahiz etorkizunekoak (Hegoafrika) beren gaitasunak baliatu beharko dituzte, helburu hori lortzeko eta akordio hobeak eta asmo handiagokoak lortzeko testuinguru egokia prestatzeko.

Klima-aldaketak Nazio Batuen negoziazio-prozesutik kanpoko ekintza- eremuetako eragile ugari behar ditu oraindik ere --interes-talde guztietakoak, gobernuetako maila guztietakoak, etab.--, irmotasunez laguntzeko emisioak murrizten eta klima-aldaketara egokitzen. Baina UNFCCCren barruko prozesuak irtenbidearen funtsezko zatia izaten jarraitzen du. COP 17 bilerak asmatuko ahal du hori baliatzen eta Cancúngo bilerako neurrizko arrakasta areagotzen!

Galarraga, Ibon; Gonzalez-Eguino, Mikel; Markandya, Anil
2
272
2011
2
027
Ingurumena; Azokak, biltzarrak; Klimatologia
Analisia
54

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.