Klima-aldaketa ikuskizunaren gizartean

Picó, Maria Josep

Universitat de València-ko Divulgació de la Ciència UCC+i katedrako zientzia-kazetaria

Klima-aldaketa ikuskizunaren gizartean
2011/07/01 | Picó, Maria Josep | Universitat de València-ko Divulgació de la Ciència UCC+i katedrako zientzia-kazetaria
(Argazkia: © SURZ/123RF)

Berotze globala izar mediatiko ukaezina bihurtu da. Mende honen lehen hamarkadaren erdialdetik aurrera, klimaren eraginak, aurreikuspenak, ikerketak eta harekin lotutako goi-bilerak zein politikak nagusi izan dira komunikabide guztietan, gainerako ingurumen-gaien gainetik. Klima-aldaketari dagokionez, 2007. urtea gakoa izan zen, orduan argitaratu baitzen Nazio Batuen Klima Aldaketarako Gobernuen arteko Taldearen laugarren txostena. Eta beste bi aldagai ere izan ziren: entretenimendua eta ekonomia. Alde batetik, Al Goreren Una verdad incómoda dokumentala zabaldu zen, protagonista ezagunari eta film-industriaren publizitate-makinariari esker; eta, bestetik, 2006aren amaiera aldera, britainiar gobernuaren Stern Txostena argitaratu zen, klima-aldaketa mundu mailako arazo ekonomikoa dela azaldu zuen txostena.

Hala ere, planeta berotzearen ondorioei buruzko mezuen transmisioak ez ditu gainetik kendu estatu espainolean ingurumen-kazetaritzak, 1970eko hamarkadan sortu zenetik, lagun izan dituen arriskuak. Are gehiago, kontzientzia ekologikoa handitu arren, kazetaritzaren espezializazio hori David txiki bat da kontsumo-gizartearen, hots, Goliaten, aurrean, eta kontsumo-gizartearen oinarrietako bat masa-ikuskizuna da.

Ingurumenari buruzko mezuen oztopoak

Ingurumen-komunikazioak oztopoak ditu oraindik arlo ekonomikoan, kulturalean eta sozialean. Etengabeko hazkuntza, globalizazioa eta deslokalizazioa, baita azpiegituren eraikuntza ere, jasangarritasuna edo biodibertsitatea aipatzen dituen beste edozein arrazoibideren gainetik daude. Halaber, herrialde garatuek in crescendo infinituraino handitzen den kontsumo-ereduan eta energiarekiko mendekotasun gero eta handiagoan oinarritu dute ongizatearen konkista. Maila soziologikoan, berriz, eremu guztietan gailentzen dira indibidualtasuna, pasibotasun kolektiboa eta lehiakortasuna. Halaber, optimismo teknologikoaren eraginez, herritarrek inplikazio gutxi dute publikoa den hori --ingurumena edo atmosfera, esaterako-- babesteko prozesuetan.

Testuinguru horretan, klima-aldaketaren berri emateko prozesuan hainbat faktorek eragiten dute. Hasteko, fenomenoaren beraren ezaugarriak daude: urruna da, ezezaguna, eta epe luzerako inplikazioak ditu. Horrez gain, errealitate konplexua denez, hainbat sektoreri eragiten die mundu mailan, batez ere, ekonomikoari. Azkenik, diskurtso politikoen bidez manipulatzeko erraza da, eta kazetaritzan espezializazio apur bat behar da gaia azaletik, sentsazionalismotik edo katastrofismotik ez lantzeko.

Negozio mediatikoaren bidesaria

Klima-aldaketaren idiosinkrasian sakondu dugunez, ezagut ditzagun, gainetik, mass media deritzenak. Komunikazio-enpresak audientziak, publizitatea eta babesletzak bilatzen dituzten erakundeak dira; irabaziak lortzeko helburua dute. Horregatik, ingurumen-hezkuntza ez dago haien funtzioen artean. Kontuan izan behar dugu berri onak ez direla berri , eta, publikoa bereganatzeko, titularrek erakargarriak izan behar dutela, nahi ala ez. Aldi berean, ez da ahaztu behar, naturaren alderdi kontrolaezinaren oso irudi indartsuak ditugula, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriei esker. Fenomeno naturalek eragindako hondamendien ikuspegi katastrofikoa dugu, eta atmosferako fenomeno harrigarrienen argazkiak. Testuinguru mediatiko horrekin lehiatu behar du klima-aldaketak. Hori dela eta, ez da harritzekoa publikoak horri buruz jasotzen dituen mezuak eta irudiak topiko errepikakorrez osatutakoak izatea.

Gizarteak egiten duen ingurumen-gaien eskaera ere oinarrizkoa da. Izan ere, komunikabideak ez dira iritzi publikoa sortzen duten bakarrak. Azkenaldian, eta web 2.0ren ezaugarriak direla eta, audientzien lehentasunek baldintzatzen dituzte mezuak. Klima-aldaketa apaltzeko lana, oraindik ere, sakrifizio pertsonal gisa ikusten da, horrek eskatzen baitu kontsumismoan oinarrituta dagoen eta ingurumen-inpaktuak kontuan hartzen ez dituen ongizatearen gizartearen balio-eskala guztiz aldatzea.

Ingurumena interesgarria al da gizartearentzat? CIS Ikerketa Soziologikoetarako Zentroak -- Opiniones y actitudes , 67. zk, 2010-- erakutsi duenez, espainiarren arazo nagusien artean ez da ingurumena agertzen; zerrendaren beheko aldean agertzen da. Aldiz, langabeziari, ekonomiari, klase politikoari eta alderdi politikoei buruzko gaiak daude zerrendaren lehen postuetan. Ingurumenaren inguruko balioak handitu egin dira, baina balio horiek ez dira islatzen jendearen jardueran eta bizimoduan; haiek egonkor jarraitzen dute. Bestalde, Zientziaren Pertzepzio Soziala (FECYT, 2010) eta antzeko inkestek erakusten dutenez, ingurumena eta ekologia dira espainiarren hirugarren interes-eremua, medikuntzaren eta osasunaren eta elikaduraren eta kontsumoaren atzetik. Europari dagokionez, berriz, 2008ko Eurobarometroak dagoeneko erakutsi zuen jendearentzat klima-aldaketa dela ingurumen-arazorik garrantzitsuena.

Azkenik, ikus dezagun ingurumenak komunikabideetan zer eremu hartzen duen. Telebista iritzi publikoa sortzen duen bide nagusia dela kontuan hartuta --nahiz eta joera hori aldatzen ari den, Interneten erabilera gero eta handiagoagatik--, ikusi da TVE, Cuatro, Antena 3 eta Telecinco kanaletan urtebetean (2007-2008) emititutako 32.582 berrien %3,43 izan dela ingurumenari buruzko informazioa, Rey Juan Carlos Unibertsitateak egindako azterketa baten arabera.

Ekonomia garatuetako kontsumo-gizarteek mezu erakargarrien aldeko apustua egin dute --oinarrizko araua da hori kazetaritzan--, ingurumen-mezuen kalitatearen kalterako. Sarearen bidez komunikatzeko aukera berriek eta norabide anitzeko komunikazioaren aurrerapenak balantza beste aldera mugitzeko aukera sortu dute, eta, beste behin ere, herritarren inplikazioaren araberakoak izango dira emaitzak.

Picó, Maria Josep
2
277
2011
7
021
Ingurumena
Analisia
48
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila