Ikergazte, Nazioarteko Ikerketa Euskaraz

Omaetxebarria Ibarra, Miren Josu

EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko irakaslea eta ikertzailea

ikergazte-nazioarteko-ikerketa-euskaraz
Arg. Ikergazte

Duela 43 urte sortu zenetik, euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea da UEUk duen helburu garrantzitsuenetako bat. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikertzaileak hain sakabanatuta egonda.

Ildo horretatik, UEUk hainbat arlotako adituak bildu izan ditu zenbait ekimenetan azken hamarkadetan: Informatikari Euskaldunen Bilkurak (9 edizio) Historialari Euskaldunen Topaketak (5 edizio), Hizkuntzalari Euskaldunen Bilkura, Matematikari Euskaldunen Bilkura, Osasun Zientzietako eta Natur Zientzietako ikertzaileen bilkurak , besteak beste, horren adibide argiak dira.

Pozik esan dezakegu ikertzaile euskaldunak inoiz baino gehiago direla, baina tamalez, haien arteko ezagutza urria da oraindik. Hutsune horretaz jabetuta 2015eko maiatzaren 13, 14 eta 15ean IKERGAZTE kongresua antolatu dugu Durangon. Ohiko kongresu zientifiko moduan antolatu da, hitzaldi orokorrak, arlokako ahozko aurkezpenak zein posterrak, tailerrak eta saio osagarriekin; baina ezaugarri berezi birekin: jakintza-arlo guztiak bilduta eta euskaraz.

Hiru helburu zituen kongresuak. Batetik, euskarazko zientzia-produkzioa areagotzea. Bestetik, ikertzaile gazte euskaldunen ikusgaitasuna handitzea. Eta, azkenik, ikertzaileen arteko harremanak sendotzea.

Kongresua arrakastatsua izan da eta helburu guztiak bete direla esan dezakegu.

Produkzioari eta ikusgaitasunari begira, 116 komunikazio aukeratu dira. Modu digitalean argitaratu dira (buruxkak.eus gunean kontsulta daitezke), eta 800 orri baino gehiago hartu dituzte. Horietako 72 ahozko aurkezpenak izan dira, eta 44, posterrak.

Jakintza-arloen arabera, hauek izan dira kopuruak: giza zientzietakoak, 15; gizarte-zientzietakoak, 21; zientzia zehatzetakoak eta Natur zientzietakoak, 26; ingeniaritza eta arkitekturakoak, 35; eta osasunaren arlokoak, 20.

Jatorriz zer unibertsitateetakoak ziren begiratuz gero, berriz, espero bezala Euskal Herriko Unibertsitatekoak (UPV/EHU) izan dira gehienak, 70 ekarpenetan baino gehiagotan. Deustu (DU) eta Mondragon (MU), berriz, 10 artikulu baino gehiagotan aipatu dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Baionako Iker ikerketa-taldea (CNRS), Elhuyar I+G eta EHU-CSIC lankidetzak lauzpabost artikulutan aipatzen dira.

Horiez gain, Euskal Herrian dauden beste ikerketa-zentro batzuek ere hartu dute parte: NU-Cima, NEIKER-Tecnalia, DIPC, CIC-bioGUNE, CEIT, Biocruces eta BCAM. Euskal Herritik kanpoko erakundeei dagokienez, hauek dira aipatzen diren unibertsitateak: Granadako Unibertsitatea, UAB (Bartzelona). Eta munduko hainbat tokitako ikerketa-zentroak ere: CNRS Pau, CSIC Madrid, Danimarka, Alemania, Finlandia, AEB (New York, Denver), Australia.

Artikulu eta ikerlari batzuk aipatzearren, saridunak aipatu nahiko genituzke, egon den aniztasunaren adierazle gisa:

- Giza Zientziak: Begoña Altuna, “Euskarazko denbora-egituren tratamendu automatikorako azterketa”.

- Gizarte Zientziak: Xabier Landabidea, “Euskaldunok eta telebista XXI. mende hasieran: ikus-entzuleen hitzetan oinarritutako hurbilketa kualitatiboa”.

- Osasuna: Nerea Osinalde, “2 Interleukina (IL-2) eta IL-15ak T linfozitoetan piztutako seinalizazio bidezidorren sakoneko azterketa proteomikoa”

- Zientziak eta Natur Zientziak: Ainara Valencia, “Ugalketako disrupzio endokrinoa, Gernika eta Galindoko araztegien inguruko korrokoietan (Chelon labrosus)”.

- Ingeniaritza eta Arkitektura arloan: Gorka Azkune, “Ezagutzan oinarritutako giza-jardueren eredu dinamiko eta pertsonalizatuak ikasten”.

- Udalbiltzaren sari berezia (Euskal Herriko garapenari ekarpen garrantzitsuena egiten diona): Olatz Perez de Viñaspre, “Osasun-txosten elebidunak posible ote?”.

Nazioartean ingelesez argitaratu ohi diren lanak euskaraz ere argitaratzeko eta zabaltzeko aukeraren aldeko apustua izan da. Euskaraz egindako ikerketan mugarri izan delakoan gaude!

Bestalde, ikertzaileen arteko harremanak sendotzeko, hitzaldi orokorrak, tailerrak eta saio osagarriak funtsezkoak izan dira. Hala, Paul Zachary “PZ” Myers-ek, Karmele Artetxek eta Itziar Lakak egindako aurkezpen bikainek eztabaidatzeko eta hausnartzeko puntu hobe ezina jarri zuten.

Myers Minnesota Morris unibertsitateko biologia irakaslea da, eta oso ezaguna Pharyngula bloga dela-eta. Ikertzailearen lanaren alde hitz egin zuen eta ikergazteak animatu zituen gizartean gehiago eragin dezaten, sineskeriak eta uste ustelak baztertzen laguntzeko. AEBetan oso hedatua dauden kreazionismoa eta diseinu adimentsua izan zituen hizpide, baita emakumeen bazterketa zientzian ere. Zientzialariek eduki behar duten askatasuna ere azpimarratu zuen.

Itziar Lakak neurolinguistikaren arloko ikerketaren berri emateaz gain (hizkuntzen tipologiak eta elebidunen garunek nola prozesatzen dituzten izan zen mintzagai nagusia), ikerketa jarduna bera izan zuen hizpide, bi ideia nagusi plazaratuz: ikertzaileentzat funtsezkoa dela zalantzaren munduan bizitzea, eta ikerkuntza galderak erantzutera bideratu behar dela.

Karmele Artetxek euskarazko komunitate zientifikoa du ikergai, eta zientziak eta euskarak izan duten harremana historikoki nola izan den azaldu zuen, Einsteini buruz egindako euskarazko lehen argitalpena aitzakia hartuta.

Tailerretan, parte-hartze handia azpimarra daiteke, eta bat aipatzearren Xabier Payak gidatutako “ikertzaile-ibilbidea” mahai-ingurua nabarmendu dezakegu arlo horretatik. Mahaian zeuden Amaia Zurutuza, Joserra Diez, Iñaki Peña eta Goizeder Barberenaren ekarpenez gain, ikergazteen iritziek eta esperientziek osatu zuten ibilbide horren argazkia, bere argi eta ilunekin.

Honelako kongresu bat aurrera eramateko babesle, laguntzaile, lankide eta bidelagun asko izan ditugu: unibertsitateak, administrazioa, ikertaldeak, batzordeetako ikerlariak... Lankidetza funtsezkoa da arlo honetan eta zorionekoak gara alde horretatik. Hemen bereziki Euskal Herriko unibertsitateen babesa aipatu nahi dugu: UPV/EHU, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

Euskarazko aldizkari zientifikoen lankidetza ere azpimarratu nahi dugu: Aldiri (UEU), Bat Soziolinguistika aldizkaria, Ekaia (UPV/EHU), Elhuyar Zientzia eta Teknologia, Senez (EIZIE), Tantak (UPV/EHU) eta Uztaro (UEU).

Eta bi urtean behin errepikatzeko asmoa dugu. Beraz, adi hurrengo deialdietara!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila