2017ko IkerGazte kongresua: euskal zientzialarien artean sareak eraikitzen

Ia 200 ikertzaile bildu dira, maiatzaren 10etik 12ra bitartean, Nazioarteko Ikerketa Euskaraz IkerGazte kongresuan. Bigarren edizio honetan, Iruñean bildu dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitzan. Helburuak: Euskal Herriko ikertzaile gazteek egiten duten nazioarteko ikerketa ikusgarri egitea, jakintza-arlo desberdinetako ikertzaileen artean sareak eraikitzea eta euskarazko ekoizpen zientifikoa areagotzea. 

ikergazte-2017-kongresua-euskal-zientzialarien-art
Arg. UEU

Ia 200 ikertzaile bildu dira, maiatzaren 10etik 12ra bitartean, Nazioarteko Ikerketa Euskaraz IkerGazte kongresuan. Bigarren edizio honetan, Iruñean bildu dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitzan. Helburuak: Euskal Herriko ikertzaile gazteek egiten duten nazioarteko ikerketa ikusgarri egitea, jakintza-arlo desberdinetako ikertzaileen artean sareak eraikitzea eta euskarazko ekoizpen zientifikoa areagotzea.

Hegoaldeko unibertsitate guztien lankidetza izan du UEUk, baina Iñaki Alegria UEUko zuzendariaren esanetan, “zoritxarrez, Iparraldeko unibertsitate-sisteman dagoen fragmentazioak eragotzi egin digu bertako unibertsitateen parte-hartze instituzionala”. Hala ere, izan dira handik bidalitako komunikazioak ere. Unibertsitateak dira ikerketaren kokaleku nagusiak, baina ikerketa-zentroetatik ere lan ugari jaso ziren kongresurako. Guztira, jakintza-alor desberdinetako 123 aurkezpen izan dira.

Panorama baikor horretan, itzalak ere badaude, eta horretaz gogoeta egiteko ere baliatu nahi izan dute IkerGazte. Antolatzaileen esanetan, “alde batetik, euskarazko ekoizpen zientifikoaren joera negatiboa dago, eta, bestetik, ikertzaile gazteen prekarietatea. Lehenari dagokionez, esan behar da komunitate zientifiko euskalduna asko handitu bada ere (irakasle euskaldun gehiago, ikerketa-zentro berriak...) ekoizpena ez dela neurri berean hazi azken urteetan”.

Arg. UEU

Ikertzaile gazteek elkar ezagutzeko bakarrik ez, ikertzaile helduagoen esperientzia ezagutzeko aukera ere izan dute: Laurence Tresse Lyongo Astrofisika Ikerketa Zentroko zuzendariarena, Jose Ramon Etxebarria ingeniari eta Fisikan doktorearena, Arkaitz Carracedo CIC bioGUNEko ikerbasque ikertzailearena eta Elin Haf Gruffyd Jones Aberystwyth Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearena, hain zuzen.

Jose Ramon Etxebarriak “katedralaren eraikuntzaz” jardun du. Jada duela urte mordoxka bat, UEUren 25. urteurrenean, adierazia zuen euskal unibertsitatea ez zela egun batetik bestera eraikitzen. Katedral baten eraikuntzaren aurrean geundela zioen Etxebarriak; helburu finkoak izanik, patxadaz aritu behar zela. Horren haritik dator IkerGazteko bere hitzaldiaren izenburua. Geure nortasun propiotik eraikia irudikatu zuen Etxebarriak euskal hezkuntza propioaren katedrala, eta horren alde egin du lan urte luzez, baina, Gaudiren obrarekin legez, hark ere belaunaldi berriei pasatu nahi izan die erreleboa. Hori baino lehen, hala ere, katedralaren prozesua ekarri du gogora, berea, amaitu ez dena. Erantzukizun hori baduela uste baitu, kontatu beharra duela. Uste baitu sentimenduak inportanteak direla, esperientziak inportanteak direla.

Etxebarriak argi du zientzia eta jakintza unibertsalak ez badira ez direla ez zientzia, ez jakintza. Hala ere, horrek ez du esan nahi ingelesez bakarrik argitaratu behar direnik. Alderantziz, hizkuntza guztietan adieraz daitezkeen jakintza eta zientzia dira, harentzat, unibertsalak.

Ikertzaileek kezkatzen dutela ere azpimarratu nahi izan du. Esan du bildutako ikertzaileek euskaraz eta pasioz egiten dutela, eta prestakuntza handia dutela, baina, hala ere, diasporara kondenatuak daudela, miseria asko dagoela. Argi du eskubideak eta duintasuna ez direla oparitzen, lortu egin behar direla.

Carracedok ere esperientzia pertsonalak kontatzea beharrezkoa dela esan du bere hitzaldian, egun gradu bat edota master bat egiten ari direnek ez dutelako informazio nahikorik ikertzaileen lanari buruz. “Zer-nolako lana izango dugu? Zein da, ikerkuntzan, eguneroko lana? Laborategi bat izatea jarri behar dugu helburutzat, edo badaude bestelako aukerak? Zer garatu behar dugu pertsonalki horretara sendo ailegatzeko?” adierazi du. “Nire ustez, oso garrantzitsua da hasten ari diren ikertzaile gazte hauek ikustea zein diren aukerak, zein diren galderak; ikustea guk ere prozesu hori pasatu dugula, eta antzekotasun asko daudela”. Eta zer behar duen ikergazte batek? “Behar dugu motibazioa, gure helburuak argi izatea, gure garapen-prozesua ulertzea; alor ezberdinetatik ikas dezakegu zer edo zer.”

IkerGazten, denek izan dute iritzia emateko aukera: Olatz Goñi ikergaztea “euskaraz lan egiten duten beste gazteen lanak ezagutzeko eta, aldi berean, bere lana haiei ezagutarazteko nahiak” ekarri du kongresura. “Aukera ezin hobea iruditzen zait arlo berdin zein desberdinetako ikertzaileak ezagutu eta etorkizunean gure ezagutzak elkarrekin trukatuz elkarlanean aritzeko”. Garazi Arrularentzat, garrantzitsua da “euskal ikertzaileen komunitatea elkartzen duelako, euskara nazioarteko hizkuntza izan daitekeela erakutsiz, hala izan dadin lan egiten duelako eta ikerketari balioa ematen diolako, baita dibulgazioari ere. Neuretzat, egiten gabiltzan horrek balioa baduela gure buruari berresteko tresna bat da”. Idoia Astigarragaren esanetan, euskaraz ikertzea erabakitzen dutenek oso modu kontzientean egiten dute hautua, eta “foro aproposa iruditzen zait euskaraz ikertzen dugunok elkar ezagutzeko eta oihartzuna emateko euskarazko ikerketei; gazteak izan zein ez, ikerketa euskaraz ere egiten dela esateko”.

IkerGazte 2017ko irabazleak Arg. UEU

Kongresua amaitutakoan, jakintza-alor bakoitzeko lan bat saritu dute. Horiek guztiak euskarazko aldizkari zientifiko batean argitaratuko dira. Arlo akademikoarekin batera, aisialdiko ekitaldiak ere izan dira arratsaldeetan, ikertzaileen sarea ehuntzen lagunduko dutelakoan. Lehenengo egunean, Labritours-ekin, Iruñea ezagutu dute; Txinparta elkartearen eskutik, Ezkabako San Kristobal gotorlekura bisita gidatua egin dute; Landare elkartean hitzaldia eta dastaketa izan dituzte, eta Gure Sorlekuaren bila dokumentalaren emanaldia izan zuten Zaldiko Maldiko elkartean. Bigarren egunean, berriz, denek elkarrekin afaldu dute bertso-afari ilustratuan.

Ikertzaileak gustura, eta antolatzaileak zer esanik ez. Antolaketa-mailan, esperientziari esker, gauzak fintzea lortu da, ikertzaileen lana oso maila altukoa izan da, eta, batez ere, ikusi da IKERGAZTE erreferentzia bilakatu dela ikertzaile euskaldunen artean.

Arg. UEU
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila