Gipuzkoako emergentzietako zentro koordinatzailera deia iritsi da: auto batek gizonezko bat harrapatu du, laguntza bidali lehenbailehen, mesedez. Anbulantzia medikalizatua ziztu bizian iritsi da lekura. Gizonezkoa hil ala bizi dago, eta medikuak tratamendua jarri nahi dio, egonezina hobetzeko. Orduan, galdera: "Alergiarik baduzu?". Pazientearen erantzuna: "Ni ez naiz Aljeriakoa, marokoarra baizik". Medikuak eta pazienteak ez dute elkar ulertzen, eta ezin da bete medikuntzako oinarrietako bat, alegia, pazientearen eta medikuaren arteko komunikazioa. Beraz, arriskuan jartzen da pazientearen ongizatea.
Medikuntzako ikasleoi, eta oro har osasunaren arloko ikasketak egiten ari garenoi, hasieratik bukaerara arte errepikatzen digute historia klinikoa behar bezala betetzearen garrantzia, aurrekariak, tratamendua eta uneko gaixotasuna ondo bilduz, gerora pazienteari diagnostiko egoki bat egiteko eta tratamendu aproposa jartzeko. Azken finean, mediku baten egitekoa, gehienetan, pazientea sendatzea eta haren ongizatea bermatzea izaten da. Eta horrexek egiten du mediku bat “ona”, pazientea ongi artatzeak eta diagnostiko egoki bat egiteak, eta hori egin ondoren haren bizitza salbatzeak edo haren sintoma larrienak arintzeak; baina beste egiteko batzuk ere baditu mediku onak: pazientearen osasuna sustatzea, gaixotasunak prebenitzea eta osasun mentaleko arazoak zaintzea.
Horretaz gain, osasun-langile guztien eginkizuna izan beharko litzateke egoera zaurgarrian dagoen pazientearekin ahalik eta hobekien komunikatzeko baliabideak izatea. Nola beteko du medikuak bere eginkizuna modu egokian, pazientearekin komunikatu gabe? Gaur egun, denon eskubidea da kalitatezko osasun-arreta jasotzea, eta horretarako ezinbestekoa da osasun-langileekin komunikazio egokia izatea, hau da, ahal dela norberaren ama-hizkuntzan artatua izatea. Izan ere, solaskideak dioskuna ulertzen ez dugunean, interpretatu egiten dugu egoera, eta interpretazioa tartean denean, medikuntzan batez ere, okertu egiten gara.
Eta egoera hori ez dugu euskaldunok bakarrik bizi; adibide ugari ditugu munduaren luze-zabalean, medikuntzaren esparruan hizkuntzarekin ditugun arazoak islatzen dituztenak. Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak, adibidez, aitortu egiten du ingurune klinikoan pazienteek bizi duten egoera berezia eta askotan zaurgarria, eta argi eta garbi uzten du egoera horren aurrean osasun-langileek ezinbestean kontuan hartu behar dutela pazienteen ama-hizkuntza.
Osasun-langile guztiek, etengabeko formakuntzaren bidez, pazientearekin hobeto komunikatzeko tresnak eskuratu beharko lituzkete, eta ezinbestekoa da formazio horren barruan ama-hizkuntzaren ezagutza ere sartzea. Horren harira, gomendagarria litzateke gure osasun-sistemara kanpotik datozen langileei harrera berezia egitea eta, Euskal Herriko osasun-sistemak dituen ezaugarriak azaltzeaz gain, gure hizkuntzaren berezitasunak, beharrak eta ezaugarriak ere ezagutaraztea. Katalunian, esaterako, "hizkuntza-bikoteak" bezalako ekimenak dituzte: herrialdera iritsi berria den profesionala espezialitate berdineko lankide batekin harremanetan jartzen da, eta, hala, baita katalanarekin ere; eta, poliki-poliki, iritsi berria hizkuntza menperatzen joaten da. Horrelako ekimenak beharrezkoak dira, baita tokiko langileekin ere; izan ere, hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta azkenean hura menperatzeko, ezinbestekoa da egunerokoan haren erabilera bultzatzea. Kalitatezko osasun-arreta jasotzeko, guztiz beharrezkoa eta ezinbestekoa da bakoitzaren ama-hizkuntzan artatua izatea.