Zirkuitu elektroniko bat ezarri dute saguen garunean, xiringa baten bidez

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

zirkuitu-elektroniko-bat-ezarri-dute-saguen-garune
Elementu elektronikoak dituen sare injektagarria. Arg. Lieberren Ikerketa Taldea/Harvard Unibertsitatea

Ehun mikrometroko diametroa duen xiringa-orratz mehe bat erabilita, sagu baten garunean zirkuitu elektroniko bat injektatzea lortu dute, Harvard Unibertsitateko eta Beijingeko Nanozientzia eta Teknologia Zentroko neurozientzialariek.

Nature Nanotechnology aldizkariak argitaratu du ikerketa. Haren arabera, ikertzaileek hamasei elementu elektroniko zituen sare malgu bat injektatu zieten saguei, garezurraren azpian. Injektatu ondoren, sarea zabaldu egin zen, eta neuronak haren inguruan antolatu ziren. Horrenbestez, euskarria biobateragarria dela frogatu dute.

Horrez gain, sarearen elementu elektronikoen bidez, jarraipena egin diete saguen garun-jarduerari, eta neurona bakan baten jarduera detektatzeko gai izan dira.

Ikertzaileen esanean, garatu duten teknologia aproposa da zirkuitu elektronikoak ezartzeko pazienteen ehun eta barrunbeetan, xiringa soil baten bidez, ebakuntzarik gabe. Garun-jarduerari jarraipena egiteko ez ezik, besteak beste, estimuluak bidaltzeko, teknika optogenetikoak aplikatzeko eta garunaren eta ordenagailuen arteko elkarrekintza bideratzeko ere egokia izan daitekeela proposatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila