Zetaren datazioa, jantziak noizkoak diren jakiteko

zetaren-datazioa-jantziak-noizkoak-diren-jakiteko
Simeonsstift museoko jantzi historikoa, Trier, Alemania. Arg. Dominik Bartsch

Fosilen datazioak paleontologoei informazioa ematen dien antzera, jantzien datazioak historialariei ematen die informazioa. Hala ere, badago alde bat bien artean: fosilak datatzeko teknika fidagarriak badaude, karbono-14 isotopoan oinarritutakoa adibidez; baina orain arte ez zegoen ehunak datatzeko teknika fidagarririk, ehun-kantitate oso handiak erabili gabe. Orain, Marylandeko Smithsonian Museumaren Kontserbazio Institutuko kimikari batek hobetu egin du teknika zahar bat, zeta-lagin txikiak datatzeko. Horri esker, museoetako jantziak datatu ditzake, pieza ia kaltetu gabe.

Oinarrian, fosilen datazioan erabiltzen den teknikaren antzeko bat da, baina, isotopo baten desintegrazioa neurtu ordez, zetaren proteinen aminoazidoen aldaketa bat neurtzen du. Aminoazido natural guztiek dute atomo-banaketa asimetriko bera, L isomero izenekoa; baina, denboraren poderioz, aminoazido batzuei aldatu egiten zaie banaketa hori. Marylandeko kimikariek neurtu dute zer abiaduratan gertatzen den prozesu hori, zetaren degradazio hori denborarekin kalibratzeko. Datu horiek erabilita, jantzi baten lagin mikroskopikoa nahikoa da 50-100 urteko zehaztasunarekin datatzeko.

Lan hori historialarientzat ez ezik, biologoentzat ere interesgarria da, zeta naturalak izan ditzakeen aplikazioengatik. Adibidez, medikuntzan aplikatzeko, garrantzitsua da jakitea zeta nola eta zer abiaduratan degradatzen den.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila