Zesareaz jaiotako haurren mikrobiota partzialki berreskuratzea lortu dute

zesareaz-jaiotako-haurren-mikrobiota-partzialki-be
Arg. Astaffolani

Jaioberriek amaren baginako jariakinekin izaten duten hartu-emana eten egiten da zesarea bidez jaiotzen direnean. Ondorioz, ez dute garatzen jaioberriengan ohikoa den mikrobiota. Hasierako bakterio-komunitateek haurraren sistema immunearen eta digestioaren garapenean duen garrantzia ikusita, horretan eragiteko modua bilatzen aritu dira ikertzaileak. Pasa den astean Nature Medicine aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, lortu dute mikrobiota hori partzialki berreskuratzeko modu bat: zesarea bukatutakoan haurra amaren baginako bakterioekin garbitzea.

Irudian ikus daiteke jaio eta handik hilabetera azaltzen den mikrobioma: erditze arruntez jaiotako haurretan (a), zesarea bidez jaiotakoetan (b) eta zesarea bidez jaio, baina amaren mikrobiotaz inolakulatutako haurretan (c). Partzialki berregokitu dela ikusten da.

Jaio arte, haurrak bakteriorik gabeko ingurune batean garatzen dira. Amaren kanal baginaletik pasatzen direnean izaten dute lehenengo hartu-emana bakterioekin. Une horretan, baginako bakterioetan bainatzen dira: azalean itsasten zaizkie, ahotik sartzen zaizkie... Horrela, baginako bakterioek haurraren azala, aho-barrunbea eta hesteak kolonizatzen dituzte, eta, moduren batean, haurraren mikrobiotaren lehenengo hazia bihurtzen dira, haurraren sistema immunearen eta digestioaren garapenean zuzenean eragiten baitute.

Zesarea bidez jaiotakoek, ordea, ez dute amaren baginako jariakinekin hartu-emanik, eta hori hesteetako floran islatzen da. Ez dituzte apenas izaten baginatik jaiotako haurrengan ohikoak diren Bacteroides eta Lactobacillus generoak. Mikrobiota desberdina garatu izana egon daiteke, ikertzaileen iritziz, zesarea bidez jaiotako hainbat haurrek gerora garatzen dituzten gaixotasun metabolikoen eta immunologikoen oinarrian.

Hori ikusita, amaren baginan gasak jarri, eta zesarea bidez jaiotako haurrak gasa horiekin garbitu dituzte jaio eta berehala. Aurpegitik, ahotik eta gorputz osotik pasa dizkiete. Emaitzek argi erakutsi dute haurtxoek bide arruntetik jaiotako haurren antzeko mikrobiota lortu dutela jaio eta handik hilabetera.

Ikertzaileek onartu dute baginako bakterioen transferentzia ez dela erabatekoa izan eta metodoa findu beharra dagoela, baina argi utzi dute zesarea baten ondoren haurrak bakterio horiekin harremanetan jartzearen garrantzia. Izan ere, baginako bakterioek emakumeengan oinarrizko funtzioa dute: infekzioen aurkako babesa. Baina, ikertzaileen arabera, baginako bakterioek badute bigarren zeregin bat, lehenengoa bezain garrantzitsua: seme-alaben geroko mikrobiota garatzen laguntzea.

Hortaz, erditze-motak seme-alaben profil bakterianoa baldintzatzen du. Hala ere, onartu dute ez dela faktore bakarra. Ikertzaileen arabera, zesareak, haurdunaldian hartutako antibiotikoak eta amaren bularra beharrean formulako esnea hartzea dira haur jaioberrien mikrobiomaren garapen naturala aldatzen duten faktore ohikoenak. 

Erantzunak

1

Elhuyar aldizkaria 2016/02/24

Eguneraketa

Gaiak piztu duen interesaren adierazle da British Medical Journal aldizkari espezializatuak argitaratu duen editoriala. Nonbait, gero eta pertsona gehiagok eskatzen dute zesareaz jaiotako haurra amaren mikroorganismoekin "bainatzea". Alabaina, praktika hori segurua eta eraginkorra dela frogatzeko, ikerketa luzeagoak eta handiagoak behar direla adierazi dute adituek. Horrez gain, amak baginan izan ditzakeen patogenoak jaio berriari kutsatzeko arriskua dagoela ohartarazi dute editorialean.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.