Zerealak esku artean, uste baino lehenagotik

Zerealak esku artean, uste baino lehenagotik
2010/02/01 | Elhuyar
Zientzialariek ez zuten uste orain dela 20.000 urte baino lehenago gizakia gai zenik basartoa eta bestelako zerealak manipulatzeko. Arg.: Arsenie Coseac.

Basarto-hondar ugari aurkitu dituzte orain dela 100.000 urteko giza aztarnategi batean

Mozambikeko kobazulo batean aurkitutako aztarna batzuek iradokitzen dute orain dela 100.000 urte inguru gizakiek dagoeneko erabiltzen zituztela zereal-landareak. Kanadako Calgary Unibertsitateko talde batek egin du ikerketa, eta, adierazi dutenez, zuzenean horren aldeko frogarik ez badute ere, gizaki-talde horren lanabesetan basarto-hondarrak agertzeak iradokitzen du jateko erabiltzen zutela belar-mota hori.

Horrela dela frogatuko balitz, asko aldatuko litzateke antzinako arbasoei buruz zuten ustea --adituek uste zuten orain dela 20.000 bat urte hasi zela gizakia zerealak jaten--. Izan ere, zerealak, jan aurretik, manipulatu egin behar dira, hau da, egosi egin behar dira, edo irina egin arte birrindu...; eta ez zuten uste garai hura baino lehenagoko gizakiak gai zirenik lan horiek egiteko.

Baina, aztertu berri dituzten aztarnetan, tresnen % 80an almidoi-arrastoak aurkitu dituzte, eta almidoi horren % 89 basarto-almidoia zen. Hortaz, pentsatzekoa da Mozambikeko biztanleek oso maiz erabiltzen zutela belar hori.

Hortik aurrerakoa, hau da, zertarako erabiltzen zuten zehaztea, eztabaidarako gai izan da. Izan ere, ikertzaileek uste dute azalpen errazena dela jateko biltzen zutela basartoa. Baina aditu guztiak ez daude ados. Batzuek Science aldizkarian adierazi dutenez, basartoa beste hainbat gauzatarako erabil daiteke, hala nola ohea egiteko edo ardagai gisa.

1
261
2010
2
004
Paleontologia
Albisteak
8

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.