Zer den pertsona izatea

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Trentoko Unibertsitatean (Italia), garun-organoideak sortzen ari dira, haurren garuneko minbizia ikertzeko. Garun-organoideak garunen antzeko egitura txikiak dira, laborategian hazitakoak, zelula ametan oinarrituta. Gure garunen antzera funtzionatzen dutenez, baliagarriak dira funtzio normalak eta patologikoak ikertzeko, eta tratamenduak probatzeko. Helburu horrekin sortu dituzte, hain justu, Trentoko laborategian.
 
Horrelako ikerketen aurrean, beti dago kezka etikoa agertzen duenik: kontzientzia garatzen badute, zer? Hortik urruti gauden arren, galdera ez da berria; gizakiak askotan galdetu dio bere buruari zer den gizaki izatea, zerk egiten gaituen gizaki. Ez da galdera erraza, eta erantzunak garaiaren eta ingurunearen araberakoak izan dira. Adibidez, izenburu hau jarri zion Primo Levi idazleak, Auschwitzeko kontzentrazio eremuan bizi izandakoaz idatzitako liburuari: Hau gizon bat bada (Se questo è un uomo).
 
Egun, aurrerapen zientifiko-teknologikoek ematen dituzten aukerak direla eta, galderak gaurkotasun betea hartu du, alderdi etikotik ez ezik, baita legaletik ere. Izan ere, orain ez bada, etorkizun hurbilean, litekeena izango da garunak laborategian garatzea ez ezik, hildakoak berpiztea, genetikoki editatutako haurrak izatea edo animalia-gizaki hibridoak sortzea ere. Gu (hilkor, arrunt eta % 100 gizaki) bezalako pertsonak izango al dira, gure eskubide eta betebehar berekin?
 
Bartha Maria Knoppers eta Henry Greely McGill Unibertsitateko (Kanada) ikertzaileek auziari heldu diote Science zientzia-aldizkarian, eta, haien arabera, beharrezkoa da «pertsona» terminoaren definizio legala aztertzea.
 
Diotenez, nazioarteko sistema legalak bi kategorien arteko bereizketan oinarritzen dira: animalia/gizakia; pertsona/gauza; bizirik/hilda; hobekuntza/terapia. Gaur egun, ordea, bereizketa horien arteko mugak lausotuta daude.
 
Orduan, zertan oinarritu beharko litzateke definizio berria? Ikertzaileek banan-banan aztertu —eta baztertu— dituzte proposatu izan diren zenbait aukera. Lehena, kode genetikoan oinarritzea litzateke. Ikertzaileen esanean, baina, ez dago giza genoma bakar bat, milaka milioi baizik, eta belaunaldiz belaunaldi mutatzen doaz, gainera. «Giza izaera» ere alferrikako terminoa da: txerri baten organo bat transplantatua duena ez da pertsona, ala?
 
Izan ote daiteke garuna definitzen gaituena? Gaitasun kognitiboen hobekuntza, inplante neuronalak edo heriotza zerebrala, adibidez, eztabaidagai diren garai hauetan, nekez. Gorputzaren beste zati batzuek ere zalantzak sortzen dituzte. Obulu eta espermatozoideek, esaterako, beste gizaki bat sortzeko ahalmena dute, baina baita edozein zelulak ere, zelula ama bilakatuz gero.
 
Horrenbestez, legalki, «pertsona» terminoaren ordez, «funtsean pertsona» erabiltzea proposatu dute, horrek barruan hartuko lituzkeelako mugen ertzetan daudenak.
 
Hala ere, zaila dirudi proposamen horrekin auzia ebatzita geratzea, zenbait kasutan eztabaidagarria izan baitaiteke zer esan nahi duen «funtsean» horrek. Hortaz, jarraituko du…
 

Berria egunkarian argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.