Zenbat eta txikiagoa izan Eguzkiaren jarduera, orduan eta handiagoa da Lurraren berotzea

Zenbat eta txikiagoa izan Eguzkiaren jarduera, orduan eta handiagoa da Lurraren berotzea
2010/12/01 | Elhuyar
Munduko tenperaturaren igoera 2000-2009 tartean, 1951-1980 aldiko tenperaturaren batezbestekoarekiko. Arg.: Robert Simmon/NASA.

Satelite bidez jasotako datuek ez dute bat egiten eredu estandarrekin

Eguzkiaren jarduera txikiagoa izan den garaietan iritsi da Lurrera argi ikusgai gehien, eta, hortaz, orduan berotu da gehien lurrazala. Ezusteko ondorio horretara iritsi dira Imperial College Londongo ikertzaile batzuk NASAren SORCE sateliteak 2004tik 2007ra bitartean jasotako datuak aztertzean. Eguzki-argiaren konposizio espektralari buruzko datuak dira SORCE sateliteak biltzen dituenak.

2004tik 2007ra bitarteko datuak aztertu dituztenez, Eguzkiaren oraingo zikloko jarduera-moteltzearen fasean gertatutakoa behatu dute. Izan ere, 2001. urtean izan zuen jarduera handiena, eta, 2009an, minimora iritsi zen.

Sateliteak neurtutako argi-kantitateak eredu estandarren iragarpenekin alderatu dituztenean, desberdintasun nabarmenak aurkitu dituzte. Izan ere, eguzki-orbanetan oinarritzen dira ereduak, Eguzkiak Lurraren beroketan duen eragina iragartzeko. Eta oraingo ikerketan ikusi dute, hain zuzen, orbanik ez edo orban gutxien dagoen garaietan, hau da, Eguzkiaren jarduera txikiagoa denean, iristen dela argi ikusgai gehien. Neurtutako argi ultramorea, berriz, ereduek iragarritakoa baino 4-6 aldiz txikiagoa izan da.

Jakinarazi dutenez, ikerketaren hiru urteetan behatutako energia-kantitateak karbono dioxidozko isurien gorakadak adina berotu du Lurrazala. Hala ere, ikertzaileek argi utzi nahi izan dute Eguzkiaren eragin hori ziklikoa dela, eta, hortaz, ezin duela epe luzera eraginik izan kliman. "Gizakiaren eraginez gaur egun gertatzen ari den klima-aldaketan gehigarri txiki bat da, asko jota, Eguzkiaren eragina", adierazi du Martin Dameris-ek, Alemaniako Zentro Aeroespazialeko atmosfera-zientzialari batek, Natureren webgunean.

1
270
2010
12
008
Astrofisika; Ingurumena; Klimatologia
Albisteak
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila