X izpiek pulsar baten existentzia nabarmendu dute

Gure galaxiaren erdialdetik iritsi den X izpizko zorrotada batek pulsar baten existentziaren berri eman du. Pulsarrak oso azkar biratzen duten neutroi-izarrak dira eta supernobak eztanda egin ondoren gelditzen den materia dentsoan dute jatorria. Pulsarrek, eragiten duten grabitate-indarraren ondorioz, aldamenean duten izarretik gasa xurgatzen dute eta, horrela, beraien biraketa-abiadura bizkortu egiten da.

Kasu honetan, apirilaren 3an ikuskatu zuten sistemak azkeneko estadioetan dagoen pulsarra erakusten omen du. NASAko astronomoek, hamar egunez iraun duen fenomenoa aztertu ondoren, segundoko 435 aldiz biratzen duen pulsarra dela esan dute. Gainera, aldameneko izarraren tamaina txikia eta gertutasuna kontuan izanda, sistema bere bilakaeraren amaieran dagoela ondorioztatu dute. Aurkikuntzak, mota honetako bigarrenak, beste hainbat pulsar-sistema egongo direla frogatzen du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila