William Martin Fairbank hil da (1919-1989)

William Fairbank iparramerikar fisikaria hil zen joan den irailaren 30ean footing egiten ari zelarik izandako bihotz-atakearen ondorioz. Fairbank bere belaunaldiko iparramerikar fisikari esperimental distiratsuena izan da.

Ezkerrekoa W.M. Fairbank da; 1988.ean.

Behe-tenperaturako fisikan aritu da lanean; helio likidoaz eta supereroankortasunaz batez ere. Oso trebea zen behe-tenperaturetako teknikak fisikako adar desberdinei (partikula elementalei, uhin grabitazionalei eta erlatibitate orokorrari esaterako) aplikatzen.

Lehenengo urteetan aitzindari izan zen 4He eta 3He isotopoen izaeraz behe-tenperaturan eginiko azterketetan. 1954.ean lehen aldiz lortu zuten berak eta bere lankideek 3He-ren Fermi-Dirac izaera neurtzea EMNz 0,25 K baino tenperatura txikiagotan. Bi urte geroago, 0,8 K baino tenperatura txikiagotan gertatzen den 4He eta 3He-ren fase-banaketa aurkitu zuten.

Dena den Fairbanken ekarpenik handiena eraztun supereroale baten fluxu magnetikoaren kuantizazioa aurkitzea izan da. Esperimentu honen bidez, supereroankortasunaren izaera kuantikoa eta egoera supereroankorrean elektroien parekatzeak gertatzen direla frogatu zituen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila