Walkmanen zarata

Badira 100 dB-eko intentsitate-maila gainditzen dituzten walkmanak eta, horiek, tinpanoa hautsi dezakete. Aparatu horiek detektatzeko prestatu dute Arthur robota.

Kalean paseatuz gazteak, edo ez hain gazteak, maiz ikusten dira beren walkmana soinean dutela musika entzuten. Dena dela, horrelako aparatuak beren gehienezko intentsitatean daudenean entzumenean eragiten dituzten kalteez jabetuta, Frantziako Lan-ministerioak fabrikatzaileei muga ipini die. Aparatuek 100 dezibeleko intentsitate maila maximoa izan dezakete eta hortik gorakoa dutenak ez dira onartuko.

Aparatu zaratatsuegiak detektatzeko, Arthur izeneko laborategi-robota prestatu dute. 8.750.000 pezeta edo 350.000 libera kostatu zaie eta gizakiaren belarriaren antzeko piezak ditu. Bertan doitasun handiko mikrofono txikiak ditu, soinuaren seinaleak neurketa-bankura bidaltzen dituztelarik.

Walkmanen soinuaren intentsitatea normalean gehienez 100 dB-ekoa izaten da, baina 129 dB-era (hau da, ia tinpanoa hausteko mailara) heltzen direnak ere badira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila