Unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu dituzte, kolore desberdinetan, galaxia baten handitze-ahalmenari esker. Tom Broadhurst EHUko eta DIPCko ikertzailea partaide duen nazioarteko talde batek egin du aurkikuntza, eta Nature aldizkarian argitaratu dute.
Galaxiaren grabitazio-eremua lente gisa erabilita, askoz ere urrunago ikusi ahal izan dute, bai distantzian, eta bai denboran. Eta, kasu honetan, supernobaren argia egun gutxiren aldearekin nola aldatu zen jasotzea lortu dute, gainera. Izan ere, supernobaren gasa hedatu eta hoztu ahala, igorritako kolorea aldatu egiten da. Zenbat eta tenperatura handiagoa izan, orduan eta urdinagoa da igorritako argia, eta tenperaturak behera egin ahala, igorritako argiak gorrira jotzen du. Hartara, irudi urdinak izar-leherketa gertatu eta ordu gutxira supernoba nola zegoen islatzen du, eta berdea eta gorria eztanda gertatu eta 2 egun eta 8 egun geroagokoak dira, hurrenez hurren.
Eztanda egin zuen izarra Eguzkiak baino 500 aldiz erradio handiagoa zuen supererraldoi gorri bat zela zehaztu dute, eta Lurra jaio baino askoz ere lehenago lehertu zela: duela 11.500 milioi urte, gure galaxia ustez sortu zen une berean.
Bestalde, ikerketaren emaitzak bat datoz elementu atomikorik astunenak izarren barruan eta supernoben leherketetan sortu zirela iradokitzen duen egungo hipotesiarekin. Leherketa horiek gertatu izan ez balira, egungo galaxietako gasak Big Bangean sortutako hidrogenoa eta helioa besterik ez lituzke izango, eta ez lioke eutsiko beste elementu kimiko astunago batzuk behar dituen egungo sistema konplexuari.