Tycho Brahe eta supernoben jaiotza

Duela laurehun urte Tycho Brahe astronomoak deskribatutako supernoba bi izarreko sistema batek eragin zuela ikusi du Bartzelonako Unibertsitateko Pilar Ruiz-Lapuentek zuzendutako nazioarteko taldeak.

NASA

Brahek hain zehatz deskribatu zuen eztanda hura 1572an, ezen 1a motako supernoba gisa sailkatu ahal izan duten gaur egungo astronomoek.

Supernoba bi izarreko sistema bitar batetik sortu zela susmatzen zuten ikertzaileek; hau da, nano zuri batek —hozten ari den izar zahar eta txiki bat— beste izarrari kendutako masarekin handiegia egin eta eztanda egin zuela. Leherketaren eraginez beste izarra azeleratuta jaurti zuen. Eta izar hori aurkitu dute. Tycho G izena jarri diote, eta Eguzkiaren antzeko izarra omen da.

Oraindik izarraren konposizio kimikoa aztertu nahi dute ziur egoteko, baina, dirudienez, segurutzat jo omen daiteke supernoba hori bi izarreko sistema batetik sortu zela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila