Tximinoak babestuegi egoteagatik gertatu zen ezbeharra

Tximinoak babestuegi egoteagatik gertatu zen ezbeharra
2007/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: artxibokoa)

Iaz ezbehar larria gertatu zen Britainia Handiko Northwick Park ospitalean. Animalietan probatutako sendagai bat boluntarioekin probatu zuten, eta haietatik sei ia hiltzeko arriskuan egon ziren, sendagaiak sortutako ezusteko erreakzioarengatik.

Orain, ustekabeko erreakzioa zerk sortu zuen azaltzeko teoria baten berri eman du Londresko Imperial Collegeko Marelli-Berg ikertzaileak. Haren ustez, gakoa esperimentuetan erabilitako tximinoetan egon daiteke.

TGN1412 izena du probatzen ari ziren konposatuak. Immunitate-sisteman eragiten du. Ikertzaileek immunitate-sistemaren zelula batzuk aktibatu nahi zituzten konposatu horren bidez, artritisaren moduko gaitzak tratatzeko.

Alabaina, pertsonetan neurriz kanpoko erreakzioa sorrarazi zuen. Zehazki, immunitate-sistemaren T zelula laguntzaileen erantzuna sustatu zuen eta horiek immunitate-sistemaren beste mekanismo batzuk jarri zituzten martxan. Erreakzioa hain gogorra zenez, organo guztiak huts egiten hasi ziren.

Zergatik ez zitzaien hori gertatu tximinoei? Marrelli-Berg ikertzaileak uste du laborategiko tximinoak infekzioetatik babestuta egoten direla, lekua ia esterila baita, eta, horregatik, ez dutela T zelula laguntzaile asko. Ondorioz, TGN1412-k erreakzio txikia sorrarazi zien.

Nolanahi ere, aditu guztiak ez datoz bat teoriarekin. Batzuen iritziz, tximinoak ez dira hain garbi egoten, ezta laborategian ere, eta litekeena da haien immunitate-sistema ez izatea pertsonena bezalakoa, eta bestelako erreakzioak izatea (kasu honetan, apalagoa). Horrelakoak berriz gertatzea saihesteko, boluntarioekin probatu aurretik, giza zelulen kulturetan probatzea proposatzen dute.

1
229
2007
3
021
Farmakologia; Medikuntza
Berriak labur
10

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.