Txertaketak nola edo hala?

Jenner, mediku britainiarrak 1796. urtean lehen aldiz ume bat baztangaren aurka txertatu zuenetik, prebentzioaren mundua, eta txertoena hain zuzen, oso aldatu da.

Garai hartako eritasun infekzioso larrienetako bati aurrea hartzeko bidea bilatu eta probatu zuen (txinatarrek bariolizazio izeneko teknikaren bidez baztangaren aurkako prebentzioa askoz ere lehenagotik erabiltzen bazuten ere). Ondorengo 175 urteetan osasun-munduko ikerlan garrantzitsuenetako asko txertaketa alorrean egin ziren.

Eta horrela mende honetako bukaerara iritsi gara. Duela urte batzuk, hirurogeigarreneko hamarkadaren inguruan, eritasun infekziosoei beldurra galdu zitzaien antibiotikoek guztia senda zezaketelakoan, eta ikerketa medikamentu osatzaileetara bideratu zen. Geroztik, gauzak oso aldatu dira eta horretarako arrazoiak garbi daude. Alde batetik eritasun infekziosoen artean, birusek sortutakoen garapen eta hedapen ezinbestekoa (askotan oso grabeak) eta birusen aurkako medikamentuen falta nabarmena, eta bestetik ikerkuntza genetikoaren eta batipat injinerutza genetikoaren bilakaera eta ondorioz sortu dituen txertaketa berri eta hobeak lortzeko.

Duela hamabost urte, artean gomendatzen genuen “haurren txertaketa-egutegian” sei txerto zeuden. Orain bederatzi daude eta dirudienez laster beste bi edo hiru sartuko dira. Zaharren kasuan (65 urtetik gorakoak zaharrak badira) eta zenbait arrisku-talde delakoen artean duela hamabost urte ezer ez zegoen lekuan badira gaur egun beste hiru edo lau txerto.

Txertaketa oso ontzat jo izan da eta jotzen da osasun-sistema guztietan eta gainera osasun-gastu guztien artean merkeenetarikoa izan da dudarik gabe. E.H.A.E.an azken hamar urteotan txertaketetan gastatutakoa hamar aldiz handiagoa da eta oso egutegi aurrerakoia dugula esan genezake. Azken bizpahiru urteotan ordea, diskurtso berria sartzen ari zaigu (gizarte garatuetan batipat). Farmazi industriak indar izugarria du ekonomi munduan eta txerto berri eta eraginkorrak sortu baditu ere, garestiagoak dira, ikerketan aurrez egin behar diren inbertsioengatik. Industriak duen ahalmena erabiliz, presio handia egiten du administrazio publikoetan; hauek baitira erosle garrantzitsuenak (ia bakarrak).

Bestalde, txerto berriak badira, baina egungo izurrite berri edo berrituen aurka ez da txertorik oraindik (IHESa kasu) edo aspaldiko txertoak ditugu (tuberkulosia kasu). Txerto berriak, nahiz eta baliotsuak izan, talde berezientzat dira kasu batzuetan (minbizia dutenei, inmunoeskasia dutenei, etab.) edo geure artean garrantzi handirik ez duten eritasunen aurkakoak, dira eta oso garestiak gainera.

Ongizate-gizartearen eskakizunari jarraituz, eritasun guztiak saihesteko neurriak nahitaezkoak iruditzen zaizkigu, eta ikuspegi horrek legezkotasun osoa izanik baliabideak mugatuak direnez, eraginkortasunari jaramonik egin gabe ezin liteke edozein txertoren hedapena bultzatu.

Hala ere, baldintza ekonomikoak alde batera utziz (beti ere nolabait gainditu beharrekoak baitira), txertaketa-munduan beste puntu bati heldu beharrean gaude. Gaur egun jaioberriari urtea betetzen duenerako 5 injekzio jartzen zaizkio (7 eritasunen aurka babestuz) eta 14 urterekin guztira 12 injekzio hartuak ditu (8 eritasunen aurka babestuz). Txerto berri gehienek erraz sartuko lirateke egutegi ezberdinetan, injekzio gehiago jartzerik eskatuko ez balute.

Beraz, horretan datza hurrengo urteetako lana eta eztabaida. Eta hori farmazi industriaren zeregina da ia oso-osorik; injekzio bakoitzarekin askoz ere babes zabalagoa eskaintzea, alegia. Horretarako erakunde publikoetatik eskakizun eta presio berezia egin beharko da, baina guztientzat onuragarri izango da, dudarik gabe. Bestela gure artean oso altua den txertaketa-estaldura behera eror liteke guztion kalterako; zaila baizaigu ikusten ez den eritasun baten aurka haurrari hainbeste injekzio jartzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila