Txernobil siberian

Sobiet Batasuneko beste edozein lekutan baino bizpahiru aldiz jende gehiago hiltzen da minbiziak jota Txujotka aldean. Hestegorriko minbiziaz hildakoen proportzioa berriz, munduko altuena da, Siberiako ipar-ekialdean sobietarrek egindako inkesta zehatzek adierazten dutenez.

Vladimir Lupandine eta Ebdokia Gaer zientzilariek aditzera emandakoaren arabera, bertako biztanlerian biriketako minbizia azken hogei urteotan hirukoiztu egin da eta leuzemiak nahiz urdaileko tumoreak bikoiztu. Minbizien formak gainera azkar aldatzen ari dira, zeren eta hezurretako, kartilagoko eta tiroideko tumoreak gero eta gehiago bait daude.

Badirudi minbiziaren ugaltzea Sobiet Batasuneko Nobaia Zemlia-n, Arktikoan, 1950-1960 hamarkadan aire zabalean egindako saio nuklearren ondorio dela. Orduan besteak beste 60 megatoiko bonba leherterazi zen (Hiroshima-koa baino 400 aldiz potenteagoa).

Minbiziak gehien jotako jendea elur-oreinen hazkuntzan diharduena da. Izan ere animalia honengandik lortzen dituzten elikagaiak eta elur-oreina erradioaktibitate-kontzentrazio handiko goroldioak janez bizi da. Leningradoko radiologoek diotenez, elur-oreinen okelaz edo esneaz elikatzen direnek 210 beruna besteek baino hamar edo hogei aldiz gehiago dute eta 137 zesioa ehun aldiz gehiago. Horren eraginez, Txujotka-koen bizi itxaropena 45 urtekoa da; munduko baxuena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila