Tuberkulosi kasuen gorakada azken urteetan

Estatuko Pneumologia eta Kirurgia Torazikorako Elkartean tuberkulosia eta arnas-infekzioak aztertzen dituen taldeak egindako azterketa batek dioenez, 20.000 tuberkulosi-kasu gehiago agertzen dira urtero.

Kasu guztiak deklaratzen ez direnez eta osasun-agintariek arazoarekiko kontzientziazio eskasa dutenez, ez dakigu ondo epidemiaren egoera zer-nolakoa den. Horregatik lehen aipatutako taldea datuak biltzen ari da 1988az geroztik. Bildutako informazio guzti horren arabera eritasunaren prebalentzia 6 urteko adinekoengan % 1ekoa da eta 14 urteko adinekoengan % 3koa. Azken 5 urteotan urteroko kasu berrien batezbesteko tasa 100.000 biztanleko 36 kasukoa izan da, hau da, beste herrialde garatuetakoa baino handiagoa. Talde honek dioenez, horrek azken hamarkadetan tuberkulosiaren aurka egindako borroka ez dela behar adinakoa izan frogatzen du. Beraz, eritasuna kontrolatzetik oso urrun gaude oraindik urtetik urtera kasu gehiago atzematen direlako.

Europako Ekonomi Elkarteko beste Estatuekin konparatuta, Portugalen ondoren Espainia da tuberkulosi-prebalentzia handiena duena eta zenbaki absolutuei begiratuz lehen postuan legoke.

Ikerketa honetako helburuetako bat, lortutako txertoak efektu balioanitzak izatea izango da, hau da, beste eritasunen aurka ere eraginkorra izatea.

Beste ondorioetako bat, tuberkulosia gazteen artean oso zabaldua egotea da. Hortik ateratzen den kurba epidemiologikoak, garatze bidean dauden estatuetakoaren antza handiagoa du herrialde industrializatuetakoarena baino.

Badira tuberkulosi kasuak ugaldutako beste herrialde garatu batzuk ere. Suitza, Danimarka, Italia, Japonia eta Estatu Batuetan esate baterako, % 10etik % 35eraino ugaldu dela ikusi da.

Gai honekin lotuta, esan dezagun Zaragozako Medikuntza Fakultatean eta Europako Ekonomi Elkartearen (EEE) laguntzaz ikerketa-proiektu bat jarri dela martxan, tuberkulosiaren aurkako txerto eraginkor bat aurkitzeko asmoz. Lan honen bidez gaur egun dagoen txerto bakarra (BCG) eraldatuz bere eraginkortasuna hobetu egin nahi da. BCG txertoarekin kasuen % 70etan baino ez dira lortzen emaitza positiboak eta eraginkortasun horrek gora-beherak dituelako txertatzeko kanpaina handietan ez da erabiltzen. Orain % 100eko eraginkortasuna lortu nahi da estatu garatuetan, eta batez ere HIES dutenengan agertzen hasi diren bakterio erresistenteei aurre egiteko.

Ikerketa-arduraduna Mikrobiologia Molekularraren eta Osasun Publikoaren Saileko arduradun den C. Martín Montañés izango da eta laguntzaile izango ditu Pariseko Pasteur Institutua, Londresko Hammersmith Ospitalea eta Kantabria eta Lisboako Unibertsitateak.

Beste helburu bat ere izango dute ikerketa honetan eta berau lortutako txertoak efektu balioanitzak izatea izango da, hau da, beste eritasunen aurka (tetanos, polio edo tosferinaren aurka) ere eraginkorra izatea. Oinarrizko ikerketa 3 urtean burutu nahi da eta ondoren beste txerto batzuen esperimentazioa etorriko litzateke.

EEE-k 140 milioi pezetako laguntza (7 milioi libera) emandako lan honetan “mikobakteria simegmatis” delakoaren manipulazio genetikoak egingo dira. Bakterio hori tuberkulosia sortzen duen “mikobakteria tuberkulosis”-aren antzekoa da eta laborategian esperimentuak azkar egiteko aukera ematen du. Manipulazio horien bidez erasokorra ez den andui bat lortu nahi da; txerto gisa erabil daitekeena eta BCG baino eraginkorragoa izango dena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila