Troposfera ere berotzen

Troposfera ere berotzen
2008/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Yale Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dutenez, troposferaren goialdea lurrazala bera bezain azkar ari da berotzen. Atmosferaren geruza hori lurrazaletik 10-12 km-ra dago, eta orain arte datu gutxi zituzten berotzen ari ote zen jakiteko. Batetik, eguraldia aztertzeko globoek troposferaren behealdean bildutako datuak zituzten, eta, bestetik, sateliteek troposferaren goialdean jasotakoak. Bien arabera, bazirudien azken hamarkadetan tenperaturak ez zuela gorabehera handirik izan. Eredu klimatikoek, ordea, bestelako emaitzak ematen dituzte.

Orain, haizeari buruzko neurketak erabili dituzte tenperaturei jarraipena egiteko. Izan ere, haizeen eta tenperaturen artean erlazioa dago: haizea bertikalean igotzen da, tenperatura igo ahala. Nahiz eta ez diren zuzeneko neurketak, oso fidagarriak dira, haizearen neurketak bi tokitatik egiten direlako, lurretik eta sateliteetatik.

1970etik 2005era arteko denbora-tartea aztertu dute, eta ikusi dute gehien berotu den lekua tropikoen gaineko geruza dela. Hain zuzen ere, gradu erdi inguru berotu da, eta hori bat dator eredu klimatikoek aurreikusten dutenarekin. Yale Unibertsitateko ikertzaileen ustez, lortu duten emaitza orain arteko fidagarriena da.

1
244
2008
7
005
Klimatologia
Berriak labur
5
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila