Toxina botulinikoaren ezagutzan sakontzen

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

toxina-botulinikoaren-ezagutzan-sakontzen
Clostridium botulinum bakterioaren espora bat Arg. Elikagaien Ikerketa Institutua (IFR)

Botulismoa eragiten duen toxinari buruzko ezagutza zabaltze aldera, Clostridium botulinum bakterioaren bost anduiren genomak alderatu dituzte Norwicheko Elikagaien Ikerketa Institutuan (Erresuma Batua). Zehazki, toxina botulinikoa kodetzen duen gene-multzoa izan dute aztergai ikertzaileek, nola eboluzionatu duen jakin nahi baitzuten.

Lehenengo aurkikuntzetako bat izan zen neurotoxinaren informazioa duen genoma-zatia oso antzekoa dela bost anduietan. Horrek iradokitzen du bakterioak transferentzia bakarrean jaso zuela gene-multzo osoa. Izan ere, bakterioetan oso ohikoa da transferentzia horizontal deritzon prozesuaren bidez trukatzea geneak.

Toxina botulinikoaren informazio genetikoa duten eskualde berean, halaber, beste bi toxinaren informazio genetikoa aurkitu zuten ikertzaileek, baina dagoeneko funtzionalak ez direnak. Hori ikusita, ondorioztatu dute geneak trukatzeko “puntu bero” bat izan daitekeela genomaren eskualde hori.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila