Telomeroak eta zelulen zahartzea

Telomeroak goi-mailako izakien kromosomen ertzetan dauden egiturak dira. Kromosomen babes-lanak egiteaz gain, telomeroen jarduerak zerikusi handia dauka zelulen zahartzearekin eta minbiziaren garapenarekin.

Zelulak zatitzen eta zahartzen diren heinean telomeroak laburtu egiten dira. Behin neurri minimo batera iristen direnean beraien funtzioak egiteko gaitasuna galtzen dute telomeroek eta zelula hil egiten da. Telomeroak, beraz, zelulen zahartzea eta ugaltze egokia kontrolatzen duten egiturak dira. Ikertzaileek tumore-zeluletan telomeroak ez direla laburtzen ikusi dute. Ondorioz, zelulak hilezkor bihurtzen dira eta tumore-zelulak etengabe ugaltzen dira.

Telomeroen laburtze-prozesua ikerketa-gai garrantzitsua da eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan beste aurrerapauso bat eman dute mekanismo horiek ezagutzeko. Genetika eta Mikrobiologia departamentuko ikertzaile-talde batek emakumezkoen X kromosoma ez-aktiboaren telomeroa aktiboarena baino azkarrago laburtzen dela behatu du. Lehenengo aldia da espezie bereko kromosoma homologoetako telomeroek laburtze-abiadura desberdina dutela behatu dela. Behaketak ADNaren egituraketak telomeroen laburtzean eragiten duela adierazten du, bi X kromosomen arteko desberdintasun bakarra ADNa desberdin egituratzen dela baita.

Egindako aurkikuntza minbizia ulertzeko aurrerantz eginiko urrats garrantzitsua izan daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila