Tabakoa eta SARS-Cov-2 birusa: harreman arriskutsuak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

2020ko apirilaren 24an Berria egunkarian argitaratua

tabakoa-eta-sars-cov-2-birusa-harreman-arriskutsua
Tabakoaren eragina aztertzen ari dira. - Arg. Pixabay

Pitié Salpêtrière Parisko ospitalean egindako ikerketa baten arabera, tabakoa erretzea aldagai babeslea da COVID-19aren aurrean. Apirilaren 21ean argitaratu zen ikerketa, eta ziztuan hedatu da, neurri batean, zenbait erretzaileren bultzadari esker. Erdi txantxetan batzuek, serio besteek, egiatzat jo dute sinestu nahi duten hori. Mekanismo horri berreste alderako isuria deitzen zaio psikologian; beraz, ez da harritzekoa ontzat jo izana oraingoz hipotesi bat baino ez dena.

COVID-19arekin lotutako ikerketa gehienak bezala, beste inork baieztatu aurretik argitaratu dute ikerketa, eta izenburuan bertan diote hipotesi bat dela. Zehaztapen bat: izenburuan ez dute tabakoa aipatzen, nikotina baizik. Horrez gain, prebentzioan eta tratamenduan ondorioak izan ditzakeela iradokitzen dute.

COVID-19agatik anbulatorioetan tratatutako 130 paziente eta ospitaleratutako beste 350 aztertu dituzte. Besteak beste, ikusi zuten % 5 baino ez zela erretzailea. Frantziako populazio osoan dagoen erretzaileen ehunekoa aintzat hartuta, pazienteen artean erretzaile gehiago egon beharko luketela kalkulatu zuten. Hortik ondorioztatu dute erretzeak COVID-19aren sintomak izatetik babesten duela.

Ikertzaileen ustez, gakoa nikotinan egon daiteke. Izan ere, SARS-COV-2 birusak erasotzen dituen zelula askok nikotinaren errezeptoreak dituzte: neuronak, immunitate-sistemako zelulak (makrofagoak, adibidez), bihotza, birikak eta odol-hodiak. Horrenbestez, litekeena da nikotinak birusarekin lehiatzea, eta, horren bidez, oztopatzea birusari zeluletara lotzea.

Nikotinaren eragin hori frogatuta dago beste eragile batzuekin. Orain, SARS-COV-2tik babesteko probatzea proposatzen dute Parisko ikertzaileek. Hasteko, zelula-kultiboetan eta animaliekin egingo dituzte esperimentuak, eta aurreratu dute nikotina txaplaten bidez edo beste moduren batera emateko aukera egongo litzatekeela. Artikuluaren amaieran, gogorarazi dute nikotinak mendekotasuna sortzen duela, eta erretzea txarra dela osasunerako.

Ikerketa hori ez da, ordea, tabakoak COVID-19an duen eraginari buruz argitaratu den bakarra. Aitzitik, dozenaka ikerketa egin dira hainbat herrialdetan, eta ikerketa horien gaineko azterketak ere egin dira (Review). Azterketa horien ondorioak banakako ikerketenak baino sendoagoak izan ohi dira, elkarren artean alderagarriak diren ikerketak bakarrik hartzen baitituzte aintzat, eta kalitate-irizpideak betetzen dituztenak.

Horrelako azterketa bana egin dute, adibidez, Kaliforniako Unibertsitatean (hamabi ikerketa, guztira 9.025 paziente) eta Harvardekoaren eta Kretakoaren artean (bost ikerketa, 1.549 paziente); eta bietan ondorioztatu dute erretzea kalterako dela, hau da, COVID-19aren bilakaera okerragoa dela erretzaileetan. Adibidez, bigarrengoan aztertutako ikerketetako batean, Chinese Medical Journal-en argitaratutakoa, aldea esanguratsua zen: 78 pazientetatik, okerrera jo zuten pazienteen artean erretzaileen ehunekoa % 27,3koa zen; bilakaera ona izan zutenen artean, berriz, % 3koa baino ez.

Inon ez dute ikusi tabakoak SARS-Cov-2 birusetik babesten duenik. Bai, ordea, erretzeak COVID-19aren bilakaera okertzen duela. Beste infekzio batzuetan, frogatuta dago erretzaileak kalteberagoak direla, hala nola gripean eta MERSean (hori ere koronabirus batek eraginda). Horrenbestez, jakinda ere berresteko ikerketa gehiago eta sakonagoak beharko direla, erretzea kalterako dela ondorioztatu dute.

Bestalde, erretzeko keinuak berak (zigarroa eskuekin heldu, eta behin eta berriro ahora eramatea ere) infektatzeko arriskua areagotzen duela ohartarazi dute beste ikertzaile batzuek. Erretzeko maskara kokotsera jaistea ere, jakina, ez da komenigarria. Dena dela, horrek guztiak ez du zerikusirik nikotinaren balizko eragin babeslearekin. Auzi honetan ere, ikerketaren emaitzak ezagutzeko itxaron egin beharko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.