SMAAP: Lurrean hegan

SMAAP: Lurrean hegan
2007/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: www.bidasoavuelo.com)

Parapentean, hegan egin aurretik ezinbestekoa da ikastaro bat egitea. Gehienetan, ordea, ikasgai teoriko batzuk jaso ondoren, hasiberriek airean daudenean praktikatzen dute hegan egiteko teknika. Irungo Bidasoa Hegaldi Eskolan metodo berritzaile bat sortu dute kirol honen teknika aireratu aurretik ikasi ahal izateko: SMAAP du izena, delta-hegalaren eta parapentearen sistema mekanizatu eta automatizatua.

Makina hidrauliko elektroniko bat da, eta bost mugimendu egiten ditu: aireratzea eta lurreratzea, kopadura, kulunka, alboko lekualdatzea eta tokiko biraketa. Ardatz nagusiak aireratze- eta lurreratze-mugimenduak simulatzen ditu, eta beso artikulatuak gainerakoak. Horrez gain, korrika egiteko zinta bat du azpian, abiadura alda dezakeen potentziometro eta guzti. Hori guztia bost aginte proportzionalen bidez maneiatzen da.

SMAAP ez da makina interaktibo bat, eta ez die automatikoki erantzuten parapentistaren mugimenduei. Irakasleak erabakitzen du ikaslea mugimendu egokiak egiten ari den edo ez, eta noiz dagoen hurrengo fasera pasatzeko prest. Horregatik, Box Method izeneko irakaskuntza-sistema bati lotuta dago makina. Berrogeita hamabi fasetan zehar, ikasleek aireratzeko korrikaldia, kanpai-kontrola eta hegan egiteko teknika ikasi behar dituzte. Kanpaia kontrolatzea parapentearen hegoa puztu eta airean egonkortzea da, ondo aireratzeko.

Fase guztiak gainditutakoan, zelai batean praktikatzen dute benetako hegaldia. Aireratu baino lehen, zer bide egin behar duten markatzen die irakasleak, eta, airean daudenean, irrati baten bidez zuzentzen ditu ikasleen mugimenduak.

1
237
2007
12
023
Teknologia
Berriak labur
11
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila