Sei sexu-aldaketa orduko

Pariseko Historia Naturaleko Museoan lanean diharduen Ivan Ineitx jaunak Polinesian narrasti-mota berezia aurkitu du. Lepidodactylus lugubris izeneko gekoa izan ere, arrik gabe ugaltzen da. Geko emeek erruten dituzten arrautzek bi kromosoma-mota dituzte. Emeak beraz, ernaldu beharrik gabeko arrautzak erruten ditu, kromosoma arrak bertan dituelako.

Narrasti hauen partenogenesian arrautzen bidez amaren antzeko gekoak lortuko dira, eta hauek hazten direnean arrik gabe emeak sortaraziko dituzte. Horrela zikloa behin eta berriz errepikatuko da.

Lepidodactylus lugubris izeneko gekoa arrik gabe ugaltzen da.

Serranus izeneko perka amerikar txikiaren kasua ere berezia da. Perka hauek hermafroditak dira eta arraren zein emearen eginkizuna bete dezakete, premien arabera. Parekatzen direnean, emearen papera egiten duenak kolore motelagoak ditu ar gisa lanean ari denak baino. Segundo gutxi batzuetan errun ondoren, perka sexuz aldatu eta berriz pareka daiteke. Bikotekiderik gabeko arrainak, arrautzak errun, sexuz aldatu eta bere arrautzak ernal ditzake.

Serranus scriba izeneko perkak aldi berean gonada ar eta emeak ditu eta ordu batzuen buruan sexuz sei aldiz alda daiteke. Bahamak irlen inguruan bizi den Epinephelus striatus perka are eta bereziagoa da. Arrain batzuek bi sexuetako gonadak dituzte, baina arrain gazteak heldu arte ar ala eme gisa porta daitezke.

Eboluzioan zehar ordea, erdiak eme handi bihurtzen dira eta beste erdiak ar txiki. Gero, bai batzuk eta bai besteak, beren behin-betirako sexuaren arabera (sexu gainartzailearen arabera) ugaltzen dira. Bi sexuen organoak dituzte, baina sexu gainartzaileko organoak baino ez dira aktiboak.

Sexuz aldatzeko ahalmen horri esker, espezieak ugalmen handia du eta irauteko erraztasuna ere bai.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila