Robert Boyle

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Fisikari eta kimikari britainiar hau Irlandako Lismore Castle-n, Waterford konderrian, jaio zen 1627.eko urtarrilaren 25ean. Corck-eko kondearen hamalaugarren semea izanik, txiki-txikitatik nabarmendu zen zientzi arloan.

1635.ean Eton-go eskolara bidali zuten, eta 1639-1644 bitartean Europan ibili zen. Hamalau urte zituela Italian zen zuela gutxi hildako Galileoren lanak aztertzen. Genoan zegoela ekaitz batean beldurra sartu zitzaiolako, erlijio aldetik anglikano zintzoa izan zen bere bizialdian.

1645.ean etxera itzulita, Francis Bacon-ek modan jarritako esperimentazioaz eztabaidatzeko jakitunekin bilerak egin zituen. Jakitunen elkarte hark 1663.ean, Karlos II.a errege egin zutenean, Royal Society izeneko erakunde famatua sortu zuen.

1657.ean, Guericke-ren saiakuntzen berri izanda, huts-ponpa egiten ahalegindu zen. Robert Hookeren laguntzaz lortu zuen helburua eta tutu batean hutsa egin ondoren pisu desberdineko objektuak sartu zituen. Hutsean objektu guztiak abiadura berdinez erortzen direla frogatu zuen, Galileoren hipotesia egiaztatuz.

1662.ean frogatu zuenez, airearen konprimagarritasuna eragiten zitzaion presioarekiko alderantziz proportzionala zen. Boyle-Mariotte-ren legea dela esaten zaio horri. Ondorio garrantzitsuena ordea, honako hau zen: airea konprimagarria zenez, hutsean sakabanatutako partikula txikiz osatuta egon behar zuen. Konpresioan beraz, partikula haiek elkartu egiten ziren. Atomismoa indar hartzen hasi zen harez gero, hau da, Demokritok adierazi eta bi mila urte ondoren.

Boyle alkimian ere aritu zen. Urrearen transmutazioan sinesten zuen eta 1689.ean gobernuari urrea fabrikatzea debekatzen zuen legea ken zezan eskatu zion. Sortzen zen urreaz gobernuak aprobetxatu egin behar zuela uste zuen eta zientzilariak urrea fabrikatzera bultza behar zituela ere bai. Hala ere, Boylek 1661.ean alkimia kimika bihurtu zuen Kimikari Eszeptikoa liburua argitaratuz. Elementuak substantzia mistikoz osatuta zeudela zioen teoria grekoa alde batera utzi zuen. Boylerentzat elementua substantzia materiala eta metodo analitikoez identifika zitekeena zen. Beste bi sinpleagotan bana ezin zitekeen edozein substantzia zen elementua.

1680.ean gernutik fosforo elementua isolatu zuen, baina Brand bost edo hamar urte aurreratu zitzaion, aurkikuntza isilpean zeukalako.

Erlijio-zaletasuna denbora igaro ahala Boylerengan hazi egin zen. Erlijioaz entseiuak idatzi eta misiolari batzuk Ekialdera bidaltzeko gastuak ordaindu zituen.

1680.ean Royal Society erakundeko lehendakari izendatu zuten, baina karguari uko egin zion zin egiteko sistemarekin ados ez zegoelako.

1691.eko abenduaren 30ean hil zen Londresen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila