Rene Descartes

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Matematikari eta filosofo frantziar hau, La Haye-n (Tours inguruan) jaio zen 1596.eko martxoaren 31n. Urtebete zuela ama hil egin zitzaion, eta badirudi bizialdi guztian izan zuen osasun txarra amarengandik herentziaz jasotakoa zuela.

Eskolara joateko adinera heldu zenerako, eztula noiznahi izaten zuen, eta horregatik askotan eskolara joan ordez ohean egoten uzten zioten. Oso ikasle azkarra zen, baina gaztetan hartutako ohiturari (ohean lan egiteko ohiturari alegia) bizitza osoan eutsi zion.

Jesuitekin ikasten hasi zenez gero, Descartes oso elizkoia zen. Elizaren dotrinari kontra egingo zion teoriarik ez zuen landu, eta horren adierazgarri da 1633. urtean gertatu zitzaiona. Bera unibertsoaz liburu bat idazten ari zen Kopernik-en teoria onartuz, baina Elizak Galileo heretikotzat jota kondenatu egin zuela esan ziotenean, bere eritzia aldatzeari ekin zion. Hipotesi berriaren arabera, Lurra erpin batean apoiaturik zegoen, eta Lurra ezik erpin hori zen Eguzkiaren inguruan biraka zebilena. Funtsik gabekoa izan arren hipotesi hura jakitun askok onartu zuen, harik eta geroxeago Newtonek bere grabitazio-teoriaz gainerakoak ezkutarazi zituen arte.

Urte batzuetan Frantziako armadan igaro ondoren, Descartes Holandan finkatu zen protestante artean ia hil zen arte. 1649. urtean atera zen Holandatik Suediako gortearen gonbite bati baietza eman ziolako. Suediako Kristina erreginak filosofo famaturen bat nahi zuen bere inguruan gorteari ospea ematearren. Oso bizimodu eta ideia bereziak zituen ordea erregina hark eta Descartesi goizeko bostetan joan erazten zion gaztelura filosofi klasea eman ziezaion. Suediako negu gorria jasateko adina kemen ez zuten Descartesen birika ahulek, eta Stockholmen hil zen 1650. urteko otsailaren 11n.

Descartesen gorputza, burua ezik, Frantziara eraman zuten eta burua ere 1809. urtean itzuli zen Berzelius-ek Cuvier anatomilariari bidali zionean.

Descartesen garaian Europan jakitunen hizkuntza latina zen eta horregatik “Renatus Cartesius” izen latindarra erabili zuen bere lan askotan. Horregatik deitzen zaio “cartesiar” bere filosofiari eta baita “koordenatu cartesiar” ere matematikan ekuazioak irudikatzeko erabiltzen diren ardatz elkartzutei ere. Irudikapen-sistema hau, Descartesek asmatua da, noski.

Dena dela, Descartesek bere bizialdian frantsesez latinez baino gehiago idatzi zuen. XVII. mendean beraz, latina hizkuntza unibertsal gisa gainbeheraka ari zen hizkuntza erromantzeen mesedetan.

Descartes mekanizista izan zen. Edozertaz zalantza egiten zuen, baina zalantza egote hutsak norbaitek zalantza egiten zuela esan nahi zuen eta norbait hori bazela. Ideia hori latinezko esaera famatu honetara bildu zuen: Cogito, ergo sum (Pentsatzen dut, beraz banaiz). Oinarri horretatik abiatuz osatu zuen doktrinagatik, filosofia modernoaren aita dela esaten da.

Doktrina mekanizista giza gorputzari ere aplikatu zion, Vesalius eta Harvey-ren lanetan oinarrituz. Adimena gorputzetik kanpora eta independente zegoen, baina garuneko guruin pinealaz komunikaturik ere bai aldi berean. Animaliek guruin hori ez zeukatelakoan aukeratu zuen Descartesek. Oker zegoen ordea, urte batzuk geroago Nikolaus Stenon daniarrak guruin hori animaliengan aurkitu zuelako.

Matematikaz ere arduratu zen Descartes. Armadan zegoenean pentsatzeko denbora asko izaten zuen nonbait, eta orduan hasi zen matematikak lantzen. Koordenatu cartesiarren sistema, ohean etzanda hegan ari zen euli bati begira asmatu zuen diotenez. Euliaren posizioa, hiru plano elkartzuten bidez eman zatekeen, hiru planoak eulia zegoen puntuan biltzen zirelarik. Puntu bat bi dimentsioko gainazalean, puntu horretantxe elkar ebakitzen zuten bi zuzen elkartzuten bidez lokaliza zatekeen.

Descartesen koordenatu-sistemaz baliaturik, planoko edozein puntu bi zenbakiz defini zatekeen: (-3,1) zenbakiez adibidez. Espazioko puntuak definitzeko, hiru zenbaki behar ziren: (3,-4,2) esate baterako.

Algebrako edozein ekuazio (y = 3x2+2 ekuazioa adibidez) planoko ardatz cartesiarretan irudika daiteke. Izan ere x aldagaiari balio desberdinak emanez y-rentzat beste balio batzuk lortuko ditugu eta balio horiek ardatz cartesiarretara eramanda kurba baten puntuak lortuko ditugu. Kurba bakoitzari ekuazio bat eta ekuazio bakoitzari kurba bat dagokio beraz.

Descartesek kontzeptu hau unibertsoaz ziharduen liburu batean eranskin gisa argitaratu zuen 1673. urtean. Egia esan, liburuan zetorren gainerakoa baino askoz ere garrantzitsuagoa suertatu zen eranskina.

Descartesen beste ekarpen bat, algebra eta geometria konbinatzea eta biak aberastea izan zen. Konbinazio horri esker, gero Newtonek bere kalkulua garatu ahal izan zuen. Algebrari “analisia” deitzen zitzaiolako, Descartesek matematikaren bi adarrez egindako bateratzeari geometria analitiko esaten zaio.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.