Rapamizinak saguen bizia luzatzen du

Rapamizinak saguen bizia luzatzen du
2009/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: Bruce Lahn/Chicagoko Unibertsitatea)

Rapamizina izeneko botikak saguen bizialdia luzatzen duela ondorioztatu dute Estatu Batuetako hiru ikerketa-zentrotan, zahartzearen ikerketak bideratzen dituen ITP institutuaren gidaritzapean. Rapamizina transplantatutako organoen errefusa saihesteko erabiltzen da medikuntzan, baina ikertzaileek bizialdian eragina izan zezakeela susmatzen zuten. Orain ikusi dute zuzen zeudela, janariarekin batera hartuz gero bizialdia % 9-13 luzatzen dela frogatu baitute, saguetan.

Ikerketa hiru zentrotan egin dute paraleloan. Guztira 200 sagu aztertu dituzte, elkarren artean genetikoki desberdinak, emaitza sagu-motarekin lotuta ez dagoela bermatzeko. Saguei rapamizina-dosi bat eman diete egunero, janariarekin batera. Berez, saguak gazteak zirela hasi nahi zuten esperimentuarekin, baina janaria prestatzean arazoak izan zituzten eta, azkenean, saguek 600 egun zituztenean hasi ziren rapamizina ematen. Hau da, pertsonak balira 60 urterekin hastea bezala, gutxi gorabehera. Emaitza, hala ere, esanguratsua izan da: botikarik hartu ez zuten saguekin alderatuta, sagu emeen bizialdia % 13 luzatu zen, eta, arrena, % 9.

Saguei albo-ondorio larririk antzeman ez dieten arren, oraindik oso goiz da pertsonentzat baliagarria izango dela pentsatzeko. Lehenik, rapamizinak zer mekanismoren bidez funtzionatzen duen argitu nahi dute. Zientzialari batzuek uste dute dieta murriztearekin zerikusia izan dezakeela, biek zelula-bidezidor berean eragiten baitute, baina oraindik ez dute baieztatu.

1
256
2009
9
013
Anatomia/Fisiologia; Medikuntza
Albisteak
15
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila