Poluzio akustikoa

Espainiako legerian ez dago zaratari buruzko berariazko legerik eta kontutan hartzekoa da Espainiako hiri populatu guztiek ez dutela horri dagokion ordenantzarik.

Espainia da Europako herrialderik zaratatsuena. Udal-agintari batzuek, ordea, datu estatistikoak ikusten dituztenean, normala dela diote, ez baitute irudikatzen norvegiar bat kalean kantari eta txaloka. Espainiako legerian ez dago zaratari buruzko berariazko legerik eta kontutan hartzekoa da Espainiako hiri populatu guztiek ez dutela horri dagokion ordenantzarik. Trafikoaren zarata ihes-tutuek, motoreek, sirenek, klaxonek, erruedek asfaltoa igurtzitzean egiten dutenez osatua dago eta datuen arabera iraunkorrena eta kaltegarriena bera da

85 dezibelekoa izan daiteke; Osasunerako Mundu-Erakundeak onartutako goieneko maila 65 dB da

Udan gaude eta gutako asko bizi garen lekutik ez oso urruti izango dugu taberna-terraza, pub-terraza edo diskoteka-terrazaren bat, moto edota auto zaratatsuen joan-etorriez hornituak eta hotsandiko elkarrizketak goizeko ordu txikiak arte dituztenak. Badira lau zarata-igorpen min-atalasetik hurbileko dezibel-mugak dituztenak: hauetako bi gazteen ingurunekoak dira eta biak borondatezko ekintzak dira: diskotekak (120 dB) eta pop-rock kontzertuak (110 dB). Beste biak mailu pneumatikoa (115 dB) eta motozerra (105 dB) dira. Pertsona gazteen denbora librean iturri zaratatsu asko elkartzen dira: geroz eta potentzia handiagoko musika-ekipoak dituzten autoak, zilindrada handiko motoak, walkman-a, futboleko jarraitzaileak, etab.

Ez da harritzekoa, beraz, gorreriaren diagnostiko eta tratamendu protesikoari buruz egin berri den sinposium batean ateratako konklusioen artean honako hau agertzea: azken garaian, gorreriak eragindako pertsonen batezbesteko adina 60 urtetik 30-45 urte bitartera jaitsi dela, alegia.

Hainbat patologia aipatzen dira zarata gehiegik eragindakoen artean: besteak beste, antsietatea, angustia, estresa, digestio-asaldurak, ugalkortasuna gutxitzea, hipertentsio egoerak, ikusmenaren desorekak eta baita, dezibelak 110etik gorakoak direnean, minbizi-prozesuak azkartzea ere.

Azken aldian, gorreriak eragindako pertsonen batezbesteko adina 60 urtetik 30-45 urte bitartera jaitsi da. Hori guztia, jakina denez, poluzio akustikoaren eragina da.

Madril edo Bartzelona bezalako hiri handietan populazioaren % 90ak Osasunerako Mundu-Erakundeak markatutako mugez goitiko zarata-mailak jasaten ditu; trafikoa da hiri horietan benetako gaitza. Automobil-kopurua eta beren higikortasuna, esaterako, izugarri igo da azken hamarkadan, baina hiri erditako kaleak ez dira hazi. Trafiko-zarataren ondorio desatseginak moteltzeko, ingurabide nagusien tarte batzuetan pantaila isolatzaileak jartzea izan da egin den gauzarik nabarmenena.

Dena den, esan behar da zarata geure etxeetatik kanpo ezik, barruan ere badugula. Arropa- eta ontzi-garbigailuak, telefonoak, ordenadoreak, hozkailuak, telebistak, etab.ek ateratzen duten zarata OMEak markatutako dezibel-mugetara hurbiltzen da edo gainditu egiten du. Udan, aurrekoez gain haizagailua edo aire girotuaren aparatuak izaten ditugu askotan gure inguruan, belarriari bizitza zailago bihurtzen diotenak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila