Plasma-arkua, zaborra energia bilakatzeko metodoa

Plasma-arkua, zaborra energia bilakatzeko metodoa
2007/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: en.wikipedia)

Plasma-arkua oinarri duen sistema bat garatu dute. Horri esker, zaborra (tonak eta tonak) energia bihurtzen dute. Hainbat urtez pilatutako zaborra ezabatzeko sistema oso eraginkorra da, oso azkar prozesatzen baititu hondakinak.

Plasma-arku esaten zaion mekanismoan, tenperatura handian dagoen gas ionizatu bat zorrotadaka isurtzen da abiadura handian. Industrian asko erabiltzen den mekanismoa da; batez ere, ebakitzeko zailak diren materialak mozteko erabiltzen da. Horren ordez, hiri-hondakin solidoekin batera ia oxigenorik ez duen ganbera batean sartuz gero, plasmak 1.500 ºC-tik gorako tenperaturan jartzen ditu hondakinak. Kondizio horietan, errekuntzarik egon gabe, hondakinetako materia ez-organikoa beiraztatu egiten da, hau da, beira bilakatzen da. Beira-itxurako material horrekin batera, berotzean, karbono monoxidoa eta hidrogenoa dituen sintesi-gasa sortzen da.

Prozesuan sortzen diren bi konposatuak erabiltzeko modukoak dira. Alde batetik, beira-itxurako materiala eraikitzeko material gisa erabil daiteke; eta, bestetik, gasak hainbat erabilera izan ditzake: gas naturalaren antzera erabil daiteke, adibidez, elektrizitatea ekoizteko; eta, hidrogenoa isolatuz gero, erregai gisa erabil daiteke.

Hala ere, talde ekologistak zuhur daude, ez baitakite gas horrek substantzia kutsatzailerik duen. Beraz, oraindik ezin da ziurtatu sistema hori arrakastatsua izango dela. Batzuen ustez, mozorroa jantzita duen erraustegia baino ez da.

Gaur egun, Japoniako enpresa batek bakarrik du martxan sistema hau. Zaborra tonaka prozesatzen dute; egunean 100 bat tona. Enpresa errentagarria izateko, diseinatu zutenean pentsatu zuten dirua bi bidetatik aterako zutela: batetik, zaborra ezabatzeagatik eskuratuko zituzten ordainsarietatik, eta, bestetik, sobran zuten elektrizitatea salduz; izan ere, egin zituzten kalkuluen arabera, prozesuan ekoizten den sintesi-gasak instalazioa hornitzeko beharrezko elektrizitatea baino gehiago ekoitziko zuen. Emaitza oso bestelakoa da, ordea. Zaborra ezabatzeagatik bai, dirua jasotzen dute, baina ez dute lortu elektrizitate-soberakinik; ekoizten duten elektrizitate guztia haiek kontsumitzen dute. Larri ibiltzen dira dirurik galdu gabe instalazioa martxan izateko.

Hala ere, beste hainbat enpresak interesa azaldu dute horrelako instalazioak jartzeko, besteak beste, Floridan, Panaman eta Bartzelonan. Beren proiektuetan Japoniako instalazioaren elektrizitate-etekina hobetuko dutela diote.

1
227
2007
1
018
Teknologia
Berriak labur
11
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila