Datuak, neurriak eta ondorioak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

pitzadurarik-ez-nobelen-erreinuan
Arg. Inside Science

Datuak nabarmenak dira. 1901etik, 219 pertsonak jaso dute Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria; 213k Fisikakoa, eta 184k Kimikakoa. Horietatik, kategoria bakoitzean emakumezkoak 11, 3 eta 5 izan dira. Baina, guztira, zientzietako kategorietan, 18 emakumezko baino ez dituzte saritu, Marie Curie Sklodowaskak bi Nobel sari eskuratu baitzituen: Fisikakoa 1903an, eta Kimikakoa 1911n.

Sarituak nongoak diren begiratuta, sei herrialde nabarmentzen dira; hangoak dira sarituen % 80 baino gehiago: AEB, Britainia Handia, Alemania, Frantzia, Errusia (edo iraganeko Sobietar Batasuna) eta Suedia (Alfred Nobelen jaioterria). Inoiz ez diote Nobel saria eman Afrikar jatorriko inori.

Egoera horren aurrean, sarituen dibertsitatea areagotzeko neurriak hartu dituela adierazi du Suediako Zientzien Errege Akademiak. 2015etik Akademiako idazkari denak, Göran Hanssonek, horren inguruko elkarrizketa bat eman zion Nature aldizkariari, justu Nobel saria nortzuk jasoko zuten iragarri baino astebete lehenago.

Elkarrizketan azaldu duenez, neurri horiek artean bi hauek daude: emakume gehiagori eskatzea hautagaiak proposatzeko, eta eskaera-gutuna moldatzea. Hala, orain gutunean berariaz eskatzen zaie, hautagaiak proposatzean, aintzat hartzeko generoa, jatorria eta gaia, baita aurkikuntza bat baino gehiago proposatzeko ere.

Hanssonen esanean, neurri horiek izan dute nolabaiteko eragina, lehen baino emakume gehiago baitaude izendatuen artean. Igoera txikia izan dela aitortu du, baina joera “positibotzat” jo du. Dioenez, saria jaso dezaketen zientzialarien artean emakumeen ehunekoak gora egiteak lagundu du horretan. Ez, ordea, emakume gehiagori eskatzea proposamenak; nonbait, emakumeek ez dute gizonek baino joera handiagoa emakumeak izendatzeko.

Horrez gain, Akademian ere gero eta emakume gehiago daudela azpimarratu du. Haiek arduratzen dira hautagaitzak aztertzeaz eta sarituak aukeratzeaz, eta iaz, lehen aldiz, gizon baino emakume gehiago izendatu zituzten Akademiako kide. Denborarekin, aldaketa horien ondorioak nabarituko direlakoan dago Hansson.

Hautagaien etniari erreparatuta, berriz, neurrien eraginkortasuna neurtzeko oraindik goiz dela esan du idazkariak. Bestalde, ezer egin aurretik ere, asiarren ehunekoa handitzen ari zela nabarmendu du, bereziki, japoniarrena. Horrek erakusten omen du Akademiak ez duela kaukasiarren aldeko joerarik. Eta Ekialdeko Asian ikerketan zenbat inbertitzen den aintzat hartuta, etorkizunean are asiar gehiago sarituko direla iragarri du.

Horrekin lotuta, gogorarazi du Alfred Nobelek berariaz adierazi zuela edozein nazionalitateko zientzialariak saritu behar zirela. Are gehiago:, Akademia kuoten aurka dagoela azaldu du ez generoagatik, ez etniagatik, ez nazionalitateagatik. Ikerketa onenak egin dituztenak saritzea bilatzen omen dute, eta, kuotak ezarriz gero, sariek balioa galduko luketela iritzi dio.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila