Pinguino enperadorearen koloniak: aurreikuspen ezkorrak

pinguino-enperadorearen-koloniak-aurreikuspen-ezko
Arg. Stephanie Jenouvrier/WHOI
Antartikako pinguino enperadore kolonien populazioa 2100. urterako erdira jaitsi daiteke, nazioarteko ikerketa-talde batek Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako artikuluan ohartarazi duenez. Pinguino enperadorearen koloniak itsasoko izotz gainean bizi dira, eta kolonien eta izotzaren arteko oreka zaila da. Izotz gehiegi egonez gero, pinguinoek bidaia luzeegiak egin behar dituzte elikagai bila. Izotza gutxitzen denean, aldiz, gutxitu egiten da pinguinoen elikagai-iturri nagusia den krilla. Stephanie Jenouvrier itsas biologoak zuzendu duen ikerketa-taldeak jakitera eman duenez, itsasoko izotza orain arte egindako klimaren ereduek iragartzen duten erritmoan gutxitzen bada, pinguino kolonien bi herenak erdira jaitsiko dira mendea bukatu aurretik. Ondorioz, klima-aldaketaren eraginez arriskuan dauden espezien zerrendan sartu beharko litzateke pinguino enperadorea.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila