Peroxisomak, zertarako?

60. hamarkadan aurkitu ziren organulu horiek, baina ez zitzaien kasu handiegirik egin. Gaur egun, mundu osoan 20 zientzialari bakarrik dabiltza organulu horiek aztertzen. Ematen zaien garrantzia txikia bada ere, zelularen baitan dutena askoz ere handiagoa da; hori diote behintzat adituek.

Peroxisomak ekoizteko geneak faltan dituzten knock-out saguekin egindako azterketaren emaitzak ikustea besterik ez dago. Diotenez, orain arte erlazionatu gabe zeuden gaixotasun genetiko askoren oinarrian peroxisomen falta edo funtzio eza egon daiteke.

Knock-out saguekin lanean dabilen ikertzaile-taldearen esanean, oraingoz peroxisomak sortzeko beharrezkoak diren 23 gene aurkitu dituzte. PEX deitu duten gene-multzoak peroxisoma berriak eratzeko beharrezkoak diren mintza eta organulu barruko proteinak ekoiztuko lituzke.

Peroxisomak oso organulu sinpleak dira. Mintz bakun batez inguratutako organulu esferikoak dira. Bere baitan, zelularentzat beharrezkoak diren makina bat erreakzio egiteko entzimak eta proteinak daude. Gantz azidoen b-oxidazioa, behazunaren eta azido plasmalogenoen metabolismoa eta esterolen bide biosintetikoak, adibidez, organuluaren proteinen bidez erregulatzen dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila