Peary ez omen zen poloraino iritsi

Robert Edwin Peary, poloetako esplorazioen historian mugarri izan da orain arte; berari leporatzen bait zitzaion Ipar Polora iritsitako lehenengo gizakia izatea. Iritsia izatea zalantzan jartzen ari dira orain eta maula hitza hitzetik hortzera dabil.

Duela zenbait hilabete Wally Herbert polo-esploratzaile britainiarrak Pearyren espedizioaren egunkaria eta dokumentuak aztertu ditu berriro eta besteak beste Pearyren nabigazio-egunkaria ez dela oso zehatza eta hutsune nabarmenez beterik dagoela ikusi du. Esaterako, egunkariak Pearyk Ipar Poloan egon omen zen 30 orduetan zer egin zuen ez du esaten eta orrialde zurietan sartutako orritxo batean idatzitako Poloa azkenik! besterik ez dago.

Pearyren lorpena koarentenan jartzen den lehenengo aldia ez da hau. Heberten eszeptizismoak ez du inor asaldatzen. Beste esploratzaile batek, Dennis Rawlins-ek, Pearyk muga zezaketen datu astronomikoak ez zituela inoiz hartzen esan du.

Honek ez du esan nahi Peary iruzurtia zenik. Nabigazio-errakuntza baten ondorioz Ipar Polo geografikora zehatz mehatz iritsi ez bazen, 100 km-ko erradioaren barnean ibil zitekeen. Honek ez ziokeen meriturik kenduko Pearyren lanari.

Hala eta guztiz ere, Pearyren artxiboetan begiraturik Rawlinsek Pearyk ezkutuan zeuzkan dokumentu batzuk aurkitu ditu eta horien arabera Pearyk bazekien, sextanteaz eginiko neurketen arabera, iritsi zen punturik urrutiena Ipar Polotik 195 km-ra zegoela. Pearyk beraz, gezurra esan zuen itzuli zenean.

Horren gertu egonik, zergatik egin zuen atzera? Nahikoa elikagai ez zuelako alde batetik eta izotza oso arriskutsua zegoelako bestetik (gogoratu Ipar Poloa itsas gainean dagoela eta ondorioz izotza hausten bada uretara erortzeko arriskua dagoela). Dena den, Peary ez zen maula honen errudun bakarra. Izan ere Isaiah Bowman-ek, American Geographical Society ko zuzendariak, Peary hil ondoren bere paper guztiak aztertu zituen eta ez zuen fitxik ere esan.

Bukatzeko, Ipar Poloaren konkista Hego Poloa konkistatu zuen Roald Amunsend-i leporatu behar zaio; bertara zeppelinez iritsi bait zen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila