Ordenagailu batek hizkiak lehen begiratuan ezagutzea lortu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

New Yorkeko eta Torontoko Unibertsitateko ikertzaileek diseinatu duten algoritmo baten bidez, ordenagailuak kontzeptu berri bat ezagutzea eta harekin erlazionatutako beste kontzeptu batzuk identifikatzea lortu dute, oso adibide gutxitan oinarrituta.
pauso-handia-ordenagailuek-gizakiok-bezala-ikastea
Arg. Danqing Wang

Ikertzaileek zaldu dutenez, adimen artifizialeko sistemek adibide asko behar izaten dituzte kontzeptu bat ezagutzeko. Adibidez, edozein zuhaitz ezagutzeko, hau da, zuhaitzaren kontzeptuaz jabetzeko, aurretik zuhaitz desberdinen milaka adibide erakutsi behar izaten zaizkie. Gizaki helduetan, hori ez da beharrezkoa: nahikoa da zuhaitz bakar bat edo gutxi batzuk ikustea, zuhaitzaren kontzeptua ulertzeko, eta edozein zuhaitz identifikatzeko.

Orain, ordenagailuak ere hori egitea lortu dute, baina ez zuhaitzekin, hizkiekin baizik. Hala, ikasketa-programa bayesiar bat erabilita, ordenagailuak hizkiak ezagutzeko ahalmena du, eskuz zein ordenagailuz idatzitakoak.

Hain zuzen, bi pertsonak idatzitako hizki bat aurkeztuz gero ordenagailuari, programa gai da komunean dituzten zatiak identifikatzeko, eta haien artean dauden erlazioak bereizteko. Eta, hortik abiatuta, hizki beraren bertsio pila bat identifikatzeko ahalmena du. Are gehiago, gai da alfabeto bereko beste hizki batzuk ere ezagutzeko.

Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, egileen arabera, aurrerapauso nabarmena da adimen artifizialaren arloan.

Edonola ere, adimen artifizialaren arloan, beste bide batzuk ere ari dira garatzen, estareko, neurona-sareetan oinarritutakoak. Gorka Azkune ikertzailearen esanean, azken horiek, oraingoz, programa bayesiarrak baino orokorragoak dira, eta informazioa errepresentatzeko era malguagoa dute.

Azkuneren iritziz,  New York eta Torontoko ikertzaileek garatutako programa horrek emaitza bikainak lortzen ditu ataza oso zail batean (one shot learning edo adibide gutxirekin ikastea), baina arazo jakin bati erantzuteko diseinatu dutela dio, hizkien sailkapena hain zuzen ere. “Hortaz, neurri batean, normala da ondo funtzionatzea”.

Dioenez, ordea, ez daki, nola erantzungo zukeen arazo konplexu baten aurrean. “Egileek jada aurreratzen dituzte arazo horiek artikuluan, beraz ikusi beharko ditugu haien lanaren emaitzak. Neurona-sare sakonak, berriz, zerotik abiatzen dira, eta kasu askotarako balio dute, orokorrak dira. Lenguaia naturala, irudiak... ia edozein informazioren gainean funtzionatzen dute”. Horrenbestez, ez da harritzekoa izango bide horretatik ere aurrerapauso nabarmenak etortzea adimen artifizialaren arloan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila