Ozono artifiziala

Azken urte hauetan ozono-zuloa informazio-iturri kezkagarri bihurtu zaigu. Hemen ez dugu ozono-zuloaz hitz egingo; lurrazaleko ozonoaz baizik.

Lurrazalean poluzioaren eraginez sortzen den ozonoak osasun-arazoak behin baino gehiagotan sortu izan ditu gizakiarengan. Lan egiten duzun bulegoan fotokopiagailurik edo laser inprimagailurik baldin baduzu, aipatu makinen funtzionamendutik ozonoa sortzen dela jakin behar duzu.

Ozono honen eraginez begien eta arnasbideen narritadura, buruko mina eta oka egiteko gogoa izan ditzakezu. Ozonoa, makinak inprimatzen duen bitartean besterik ez da sortzen, baina kontzentrazioa nahikoa izan daiteke aipatu efektuak gerta daitezen.

Ozono-emisioak txikiagotzeko iragazki bat jartzen da makinetan, baina gehienetan, batez ere makina zaharra denean, iragazki honen garrantzia makinen gidaliburuan ez da aipatu ere egiten. Iragazki hauek iraupen mugatua dute eta erabili ahala ozonoa zurgatzeko ahalmena galdu egiten dute. Fabrikatzaileek kopien arabera mugatzen dute iragazkiaren bizia. Oro har, 10.000 eta 40.000 kopien artekoa izaten da makina-mota eta tamainaren arabera.

Nahiz eta iragazkiak ongi funtzionatu, hau zahartu ahala narritadurak sor ditzakeen ozono-metaketa gerta daiteke. Gainera iragazkiaren ahalmena tabako-keaz eta aireko zenbait partikulaz txikiagotu egiten da. Bulego normal bateko atmosferan ozonoaren batezbesteko bizia bost minutukoa da. Hala ere, ozonoaren deskonposizio-abiadura tenperatura, hezetasun eta aireztapenaren araberakoa izaten da.

Hau dela eta, adituek ondoko aholkuak ematen dituzte. Batetik, makineri emisioen ozono-maila ezagutu behar da beharrezko iragazkia jarri ahal izateko, eta aldi berean iragazkiaren kontrol zorrotza egingo da. Bestetik, ozonoa sortzen duten makinak 25 metro kubiko baino bolumen handiagoa duten lekuetan kokatuko dira eta bi orduoro gelako airea berritu egingo da. Azkenik, pertsonaren batek sentikortasun handia badu, bere lanpostua makinetatik urrun dagoen tokira eramango da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.