Ortura noa, hodeiak ereitera

Badirudi aurrerantzean artoa erein ostean laino ilunen zain gora begira geratu beharrean, euria ekarriko duten hodeiak ere erein ahal izango ditugula. Horixe da, hain zuzen ere, Mexikoko iparraldean lau urteko lehorteari aurre egiteko martxan jarri zuten proiektuaren emaitza. Baina, nola lor daitezke hodei-haziak? Bada, oso erraz: suzirien bidez, hodeietara sodio, magnesio eta kaltzio kloruroz osaturiko ke gazia jaurtita. Partikulatxo horiek inguruko lurrunaren kondentsazioa eragiten dute eta, hartara, azkarrago eratzen dira euri gisa eroriko diren ur-tanta astunak.

Proiektuko taldekideek lortutako emaitzen arabera, ereindako hodeien prezipitazioak hodei naturalenenak baino gehiago irauten du, prezipitazio-eremua zabalagoa da eta, gainera, euri gehiago erortzen da lurrera. Hala ere, zientzialariek oraindik ez dute argitu nola gertatzen den ereite-prozesua hodeien barnean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila