Ordenagailuen clusterrak konfiguratzeko sistema aitzindaria sortu du EHUko ikasle batek

Ordenagailuen clusterrak konfiguratzeko sistema aitzindaria sortu du EHUko ikasle batek
2010/04/01 | Elhuyar
Iker Castaños, EHUko Gestio Informatikako Ingeniaritza Teknikoko ikaslea. Arg.: Amaia Portugal.

Bai live moduan bai instalatuta erabil daitekeen lehen banaketa-sistema da

Iker Castaños (Zalla, 1980) EHUko Gestio Informatikako Ingeniaritza Teknikoko ikasleak banaketa-sistema aitzindaria diseinatu du, ordenagailu-clusterrak automatikoki konfiguratu daitezen. Kalkulu-problema oso konplexuak askatzeko paraleloki lan egiten duen konputagailu-talde bat da clusterra, eta oso erabilgarria da informatikan eta beste zenbait alorretan.

Banaketa-sistemak ABC GNU/Linux du izena. Software librean (Ubuntu) oinarrituta dago, eta 254 ordenagailurainoko cluster bat automatikoki konfiguratzeko gai da. DVDtik zuzenean abiarazita (live) edo disko gogorrean instalatuta erabiltzeko aukera ematen duen lehen banaketa-sistema da. Izan ere, lehendik ere bada gisa horretako sistemarik, baina bakar batek ere ez du aukerarik ematen nola abiarazi erabakitzeko. Esaterako, Pelican HPC izeneko banaketa-sistemak live moduan egiten du lan soilik, eta Rocks banaketa-sistemak, berriz, instalatuta.

EHUko Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Izaskun Garrido eta Aitor Josu Garrido doktoreen babesaz diseinatu du banaketa-sistema Castañosek. Cluster bat eskuz konfiguratzeko behar den denbora aurrezten da sistema horri esker. Gainera, oso onuragarria da programatzaile eta ikertzaileentzat, askok cluster bat eraikitzen jakin ez, baina, aldi berean, oso baliagarriak baitzaizkie beren ikerketetarako.

ABC GNU/Linux eskuragarri dago EHUko Kontrol Aurreratuko Taldearen webgunean: www.ehu.es/AC/ABC.

1
263
2010
4
004
Programazioa; Softwarea
Albisteak
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila