Oraindik txikiagoak

Txipak lehen txikiak baziren hemendik aurrera are txikiagoak izango dira. Orain izaten dituzten baino askoz ere osagai elektroniko gehiago ezarriko dizkiete txipei. Teleskopioek erabiltzen duten lenteaz baliatuko dira horretarako. Lenteak X izpiak jaurtiko ditu eta izpiei esker, diametroa milimetroaren hamarmilarena duen transistorea egin ahal izango dute.

Orain arte egindako txipik txikiena 0,18 mikrakoa da. Txip horiek egiteko sistema arrunta ondokoa da: argi izpi batek pantaila itxurako maskara bat zeharkatzen du eta zirkuitoa atzeko euskarrian grabatuta geratzen da. Difrakzioaren eragina dela eta, zirkuitoaren ertzak ez dira garbi grabatuta geratzen eta horregatik, ezin izan dira osagai oso txikiak erabili txipetan.

Argi-izpiaren uhin-luzera zenbat eta laburragoa izan, ordea, kalte gutxiago sorrarazten du difrakzioak. X izpien uhin-luzera oso laburra da eta, beraz, txip oso txikiak egin ahal izango dira difrakzio-arazoak asko murriztuko direlarik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila